<!DOCTYPE html> Ostiralean amaituko da eskaerak egiteko epea — Bertsozale Elkartea

Ostiralean amaituko da eskaerak egiteko epea

2015/09/09
Ikerketa kontratua zein proiektu saria eskuratu dutenen izenak hilabete amaierarako ezagutaraziko dira

Bertsolaritzaren ikerketa sustatzeko bi deialdi izan ditu martxan Mintzola Fundazioak azken hilabeteetan. Batetik, ikerketa kontratu bat esleitzeko deialdia egin du Mintzolak, Mikel Laboa Katedrarekin eta Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzekin elkarlanean. Bestetik, hiru proiektu sari esleitzeko aukera ere zabaldu dute aipatutako lehen bi eragileek. Bi deialdiak egun berean zabaldu ziren eta epea ere batera amaituko zaie: irailaren 11n, ostiralean.

Doktorego-tesi bat egitea helburu duen urtebeteko kontratua izango da esleituko dena, beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin, eta EHUn formalizatuko da. Doktoregaiak hautatuko du zein ikuspegitatik aztertuko duen bertsolaritza baina epaimahaiak kontuan izango ditu Bertsolaritzaren Ikerketa Plan Estrategikoan lehenetsitako iker-lerroak Horiek ikusgai daude Mintzolaren atarian.

Ikergai nagusia bertsolaritza duten master amaierako lanen eta ikerketa lan monografikoen artean banatuko dira hiru proiektu sariak. 2.000 euroko hiru diru-laguntza emango dira eta saridunek urtebete izango dute lana osatu eta aurkezteko.

Deialdien epea ostiralean amaituta, hilabete amaierarako argitaratuko dira deialdi bateko zein besteko hautatuak.

Isabel Elorza, Juan Kruz Igerabide, Zigor Etxeburua eta Gidor Bilbao deialdien aurkezpenaren egunean