Ostegunera arte daude eskuragai Bertso Eskolen Egunerako txartelak

2015/11/03
Bazkarirako eta lotarako txartelak www.bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke.

Azaroaren 14an euren egun handia ospatuko dute bertso-eskolek. Agurainen izango da aurten Bertso Eskolen Eguna eta egitarau zabala prestatu dute larunbat osorako. Tartean, bazkaria izango da eta horretarako txartelak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean 12 euroren truke. Gainera, lotarako lekua ere eskainiko du Lautadako bertso-eskolak eta horretarako txartelak ere webgune berean daude 8 eurotan. Batekoak zein bestekoak ostegunera arte izango dira salgai.

12:00tan ekingo diote egunari, herriko plazan elkartuta. Jo ta Fa txarangarekin bertso-poteoa hasiko da, eta kantuan ariko dira bertso-eskola ezberdinetako ordezkariak. 14:30ean bazkaria egingo da. Bazkalostean, Bertsotruk egitasmoaren berri emango da eta ondoren, festak jarraipena izango du, bertsozaleak tabernaz taberna ibiliko baitira Sudurgorriak taldearekin batera.

Anima zaitez Agurainera azaroaren 14an!