Oinak Bidean Hitzetik Hortzeran

2024/01/19
Lesakan bertsoari buruzko ibilbide tematikoa osatu dute, eta ibilbidearen nondik norakoak erakutsiko dira aste honetako programan. Larunbatean, 21:00etan, ETB1n.

Lesakako Irain eskola publikoak, Bortzirietako bertso-eskolak eta Lesakako Udalak 7,5 kilometroko ibilbide tematikoa prestatu dute. Oinak Bidean du izena eta Lesakako bertsolaritzaren ibilbidea da. Azaroan aurkeztu zuten, eta Hitzetik Hortzerako lantaldeak bertara hurbildutakoekin batera egin zuen estreinako ibilaldia.

Lesakako Harriondoa Kultur Etxean hasi eta bukatzen den ibilbide zirkular honek Lesakako bertsolaritzarekin harremana duten bederatzi leku lotzen ditu. Azaroan aurkeztu zenean ibilaldi gidatua egin zen, eta Eneko Fernandez bertsolariak egin zituen gidari lanak. Eguraldi eguzkitsua lagun, 50 bat lagunek osatu zuten ibilbidea, geldialdietan bertsoak eta azalpenak adituz. Honela, Makuko bordan bere aitatxiari eta Olaetxea bertsolari familiari buruzko azalpenak eman zituen Jon Abrilek; Harizpen Manolo Arozenak eta Joxe Juan Zubieta Etxabek; Lindurrenbordan sagardotegien eta bertsoaren arteko loturaren ingurukoak aditu zituzten Juan Mari Lopezen ahotik; Txakaingo iturriaz aritu ziren Ainara eta Edurne Aranburu; Mikelainea etxearen parean Eneko Fernandez bera; plazan solasean aritu zen Estitxu Fernandez; Arrano elkartean Maddi Ane eta Josu Txoperena aritu ziren bertsotan eta Iban Garrok eman zituen azalpenak; eta bukatzeko, Abasenea etxearen parean, Egoitz Telletxea.

Web orri propioa ere badauka Oinak Bidean ibilbideak: bertan ibilbideari buruzko informazioa (interes-puntuak, bertsoak, bertsolariak etab.) eta QR bidez tracka ere eskura daitezke. Seinalizazioa ere badago bidean, nahi duenak noiznahi egin ahal izateko.

Ondarroako eta Aramaioko jaialdiak

Bertsoaldiei dagokionez, Aramaioko eta Ondarroako bertso saioak jasoko ditu Hitzetik Hortzerak.

Ondarroako Beikozinin Iñaki Lersundik egin zituen gai-emaile lanak, eta bertsotan aritu ziren Garazi Navarro, Jexux Mari Irazu, Maialen Akizu eta Unai Iturriaga.

Aramaion, berriz, Joanes Illarregi, Jone Uria, Sabin Abarrategi eta Unai Iturriaga aritu ziren kantuan. Saioko gidari Peru Abarrategi aritu zen.

Hitzetik Hortzera, larunbatean, 21:00etan, ETB1n; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Eneko Fernandez aritu zen gidari lanetan lehen ibilialdian.