Oihane Perearekin solasean, Hitzetik Hortzeran

2021/01/28
30 urte daramatza bertsogintzan murgildurik Oihane Pereak, eta Arabako bertsolaritzaren azken urteetako garapenaren lekuko eta eragile izan da. Azken urte hauetako ibilbideari begira jarriko gara aste honetako programan eta bere bizitokian, Zalduondon, elkartu gara protagonistarekin. Hitzetik Hortzera, larunbatean eta igandean, ETB1en.

Bizipoza mantentzen laguntzen dio bertsoak Oihane Pereari, halaxe aitortu digu berak. Arabako bertsolaritzaren azken urteetako garapenaren lekuko eta eragile izan da, bai plazaz plaza, baita bertso-eskoletako eta hezkuntzako transmisio lanean ere, beretzat bi norabideak baitira ezinbestekoak. 

Bertsolaritzaren mundua nola ezagutu zuen azalduko digu bertsolari zalduondarrak. Ordutik Arabako lau txapel jantzi ditu bere ibilbidean, eta Euskal Herriko Txapelketa Nagusira ere sailkatu izan da hainbatetan. Bertsoarekin izandako esperientziaz, lorpenez eta arantzez hitz egiteko aukera izango dugu aste honetako Hitzetik Hortzeran. 

Ibilbide bat bertsoalditan
Oihane Perearen bertsoaldi gogoangarrien bilduma bat ikusteko eta entzuteko aukera izango dugu. Txapelketetako bertsoaldiak gogoratuko ditugu, zaharragoak eta berriagoak, Arabako txapelketakoak eta Euskal Herrikokoak, eta baita Ez da kasualitatea saioetako edo Emetik bertso-kabaretako momentuak ere, besteak beste. 

Hitzetik Hortzera, larunbatean 21:00etan eta igandean 15:00etan, ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Eider eta Oihane Perea.