Oihana Iguaranek jantzi du pamela

2026/06/08
Oihana Iguaranek jantzi du VI. Señora Sariketako pamela Kattalin Lizarragarekin buruz burukoan kantatu ondoren. Lide Arregik jaso du epaileen Tokado Saria.

Plentziako Danontzat Gaztetxean izan da finala.  Egun osoko egitaraua izan da, bazkalaurretik hasi eta ilundu bitartekoa. Bazkal aurretik zein ondoren bertsotarako tartea izan da. Izan ere, Ahalduntze Bertso Eskolako kideen bertso karro-poteoak girotu du goiza; eta, ondoren, 18:00etan hasi da VI. Señora Sariketako finala. 

Bat-bateko saioa hasi aurretik banatu dituzte I. Señora Bertsopaper Sariketako sariak. Hiru sari banatu dira:

  1. Piliren bilobak Iruñeko taldeak jaso du Señora Makarra saria.
  2. Zaballako bertso eskolarentzat izan da Señora Hunkigarria saria.
  3. Zarauzko hasiberrien bertso eskola feministak jaso du Señora Dibertigarria saria

Bertsopaper sariketako saridunen bertso-sortak abestu eta sariak banatu ondoren eman zaio hasiera bat-bateko saioari. Kattalin Lizarragarekin buruz burukoan kantatuta, Oihan Iguaranek jantzi du VI. Señora Sariketako pamela. Maider Altunak, Kattin Madariagak, Lide Arregik eta Ana Picallok osatu dute finaleko seikotea. Iratxe Legarrak jarri dizkie gaiak. Lide Arregik jaso du epaileen Tokado saria, bihotza gehien ukitu dienarena.

Amaia Elizagoien eta Malen Alzuart iazko V. Señora Sariketako pameladunek jantzi diote aurtengo pamela Oihana Iguarani. Joane Aldalurrek, Kristina Mardarasek eta Rosi Lazkanok, iazko Tokado saridunek (Irati Tolosarekin batera) jantzi diote tokadoa Lide Arregiri.

Señora Sariketako finaleko partaideak. Señora Sariketa