Nafarroa Garaiko bertsolaritza ikertzeko 2026ko proiektu deialdia deitu du Bertsozale Elkarteak

2026/03/03
4.000 euroko diru-laguntza esleituko zaio hautatzen den ikerketa proiektuari, eta ikertzaile, edo ikertzaile taldeak, urtebeteko epean gauzatu beharko du proiektua. Nafarroako bertsolaritza edozein jakintza esparru oinarri hartuta ikertu ahalko da. Gradu amaierako ikerketa proiektuak, master amaierako ikerketa proiektuak zein bestelako ikerketa proiektu monografikoak aurkeztu daitezke deialdira, beti ere unibertsitateko irakasle doktore baten zuzendaritzak bermatuta badira.

Nafarroako bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa sustatzeko deialdia jarri du martxan Bertsozale Elkarteak. Edozein jakintza esparru oinarri hartuta egin beharko da ikerketa, beti ere Nafarroa Garaian gauzatzen den (edo gauzatu den) bertsolaritza ikertzea helburu. Gradu amaierako ikerketa proiektuak, master amaierako ikerketa proiektuak zein bestelako ikerketa proiektu monografikoak aurkeztu daitezke deialdira, beti ere unibertsitateko irakasle doktore baten zuzendaritzak bermatuta badira. Ekainaren 10erako aurkeztu behar dira proiektuak, deialdi honetan bertan atxikita dagoen eskaera orria bete eta bidalita, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ikerketan edo bertsolaritzan aditu diren hainbat lagunek osatutako batzordeak ekainaren 20a baino lehen jakinaraziko du zein izan den proiektu hautatua. Hortik aurrera, urtebeteko epea izango du ikerlariak, edo ikertzaile taldeak, proiektua gauzatu eta ikerketa lana aurkezteko. Horretarako 4.000 euroko diru-poltsa bat jasoko du.

Orain arte bezala, ikerketa proiektua aurkezteko norberak hauta dezake gaia, edozein delarik ere, bertsolaritza eta Nafarroa Garaia hartuta ikerketa esparrutzat. Hala ere, Nafarroako Bertsozale Elkarteko beharrak eta gogoak kontutan hartuta, ikergai edo lerro hauek aipatuko ditugu, adibide gisa, bidenabar:

  • Bertsolaritzaren transmisioaren gakoen ikerketa:
              - Hezkuntza Arautuko bertsolaritza klaseek bertsozaletzen dituzte ikasleak? Hala balitz, ze neurritan?
              - Haurrek eta nerabeek zergatik ematen dute izena bertso eskoletan
              - Haurrak eta gazteak, bertso eskola batean urtebetez edo gehiagoz aritu ondotik, batzuek zergatik uzten dute bertso eskola? Zeintzuk dira zehazki neskek eta mutilek bertso eskola uzteko dituzten arrazoiak?
              - Jende helduak zergatik ematen du izena bertso eskoletan?
  • Nafarroa Garaiko XXI. mendeko bertsolaritzaren historia.
  • Bertso Eskola jakin baten historia (Bortzirikoa, adibidez).
  • Herri bateko bertsolaritzaren historia (Barañaingoa, Leitzakoa, Baztan…).
  • Nafarroa Garaiko euskalduna (edo eskualde jakin batekoa, Iruñerrikoa, adibidez) bertsozalea da? Zenbateraino? Ze ezaugarri ditu? Ez baldin bada, zergatik?
  • Nafarroako emakume bertsolarien genealogia.
  • Nafarroako jotaren eta bertsolaritzaren arteko harremanak.
  • Nafarroa Garaiko elebakarrek ezagutzen al dute bertsolaritza? Ze neurritan? Zer pentsatzen dute hari buruz?
  • Nafarroako Bertsolari Txapelketaren historia (osoa ala daten artekoa: XX. mendekoa, XXI. mendekoa,…

Deialdi honen bitartez, Nafarroa Garaiko bertsolaritzari buruzko ikerketa eragiteaz gain, ikertzaile gazteak edo hasiberriak lehen urratsak ematen lagundu nahi ditu Bertsozale Elkarteak.

Lotutako dokumentazioa

Hemen bertan kontsultatu eta deskargatu daitezke proiektu deialdiaren oinarriak, bai eta hautagaitzak aurkezteko eskaera orria ere: