Mixel Itzaina zendu da

2025/06/12
1933an sortu zen, Alduden. Bertsolaritzari estuki lotua egon da, gai emaile lanetan, ekitaldien antolakuntzan eta epaile lanetan aritu baita. Gaur pausatu da.

Mixel Itzaina Urrutia "Errola" edo "Baxenabartarra" ezizenez ere ezagutua, Aldudeko Menta etxean sortu zen duela 92 urte, Baxenafarroan. Ikasketa ertainak egin zituen lehenik Uztaritzeko San Frantses kolegioan eta goi mailakoak Baionan. 1956an Baionako seminarioaren saria irabazi zuen "San Frantses Xabierrekoaren eta Loiolako Inazio" idazlanagatik.

Soldaduska hainbat herrialdetan egin zuen, bulego lanetan batez ere: Frantzia, Alemania eta Aljeria. Aljerian Eskual Herria bihilabetekaria argitaratzeaz arduratu zen, euskal soldaduen berriekin. Ondotik, Maulera aldatu zen, irakasle lanetan aritzeko. Laster, ordea Kanboko herriko idazkari izendatu zuten. Mixel Labeguerie Kanboko auzapez zela, elkarrekin lan egin zuten politikaren nahiz kulturaren alorretan. Donapaleuko Kattin Malharinekin ezkondua eta lau seme alaben aita: Xabier, Jon, Xalbat eta Joana, azken hau Bertsularien lagunak elkarteko lehendakari izandakoa. Garai batez Itsasuko hautetsi izan zen.

Bertsolaritza ikasi zuen kolegioan Piarres Lafitte apaiz zenarekin. Bertso idazlea zen eta baditu gutxienez 20 bat bertso sorta idatzirik, heietarik bat "Argi urratzean hegoa usoekin" izenekoa, 1969ko lehiaketa batean sariztatua izan zitzaiona. Bertso epaile egon da urte luzeetan Emile Larre apaizarekin batean: xapelketa nagusian, Nafarroako txapelketan eta bertso idatzi lehiaketa batzuentzat ere. Ipar Euskal Herrian hainbat eta hainbat gai jartzaile lan egin ditu saio ezberdinetan 60eko hamarkadan hasirik, eta bertsolaritzaren sustatzaile segitua egon da bizian. Bertsolaritzaren une ez horren gozoetan ere hauspotzen ibili da, Ezpeletan 1966an antolatutako Pertsulari solas izeneko topaketetan adibidez. 70eko hamarkadan ere eragile aktibo izan zen, eta 80. hamarkadan Bertsularien Lagunak elkartearen sorreran ibili zen. 2010. urteko Xilaban txapela jantzi zion Amets Arzallus Antia bertsolariari.

Bi liburu ere plazaratu ditu, lehena: "Santa Terexaren idatz lan guziak" frantses liburuaren itzulpena eta bigarrena "Mixel Labeguerie" liburua. "Euskaltzaleen Biltzarra" elkartearen lehendakari egon da Mixel Labegueriren ondotik (1980-1988). Euskaltzaindiko urgazle egina izan zen 1980. urtean eta ohorezko euskaltzain 2014an.

Ez adiorik Mixel!

 

 

 

Mixel Itzaina 2010eko txapelketan kantuan, Donibane Lohizunen.