Mintzola Mintegiko ikertzaileekin izan da Bertsoa

2018/11/28
Gainera, Durangoko Azokari begira, egunotan bertsolaritzari loturik atera diren argitalpenei ere egin die tartea sareko plazak; esate baterako, atzo aurkeztutako "Bertsolaritzaren bilakaera genero ikuspegitik" infografia.

Pasa den azaroaren 15ean, bertsolaritzaren ertz ezberdinak aztertzen dituzten ikerketak ezagutzeko abagunea izan genuen Amasa-Villabonako Subijana etxean (Gipuzkoa). Bertsoa.eus atariko kamerak ere han izan ziren eta mintegian parte hartutako ikertzaileekin hitz egiteko tartea hartu zuten, beren ikerketen nondik norakoak aletzeko: Antxoka Agirre, Luzia Alberro, Harkaitz Zubiri, Ane Labaka eta Beñat Muguruza ikertzaileekin ez ezik, UPV/EHUko Laboa Katedrako zuzendaria den Jone Miren Hernandezekin eta Mintzolako patronatu kide den Beñat Gaztelumendirekin ere elkartu ziren.

Datorren astean Durangoko Azoka izanik, asko dira egunotan aurkezten ari zaizkigun argitalpenak; tartean, bertsolaritzari loturiko zenbait. Jon Maia partaide duen eta bertsoak ere uztartzen dituen Hezurbeltzak taldearen lanaren ingurukoak bildu ditu Bertsoak, eta baita Bertsolaritzaren bilakaera genero ikuspegitik infografiaren ingurukoak ere.

Baina Bertsoa.eus zerbait bada, sareko plaza da! eta bertsoak ez dira faltako: amaitu berri den Bertsoaroko gazteen bertso saioa, Soraluzeko jaialdia eta Bizkaiko bigarren finalaurreko hautaketa zabala dago ikusgai eta entzungai.

Bertsolaritzari loturiko argitalpenen jarraipena egiten ari da Bertsoa.eus