Mikel Mendizabalekin hitzordua, Bertsoa.eus atarian

2018/06/05
Eskolartekoaren 30. urteurrena ospatuko da larunbatean Saran. Urteurren berezia tarteko, egitasmoaren antolaketa lanetan aritu den Mikel Mendizabalekin izango da solasean sareko plaza digitala.

Ekainaren 9an, larunbat honetan bertan, ospatuko da Euskal Herriko XXX. Eskolarteko jai handia. Urteurren biribila tarteko, 1982tik bertsolaritza ikastetxeetan lantzen eta urte luzez Eskolartekoaren antolaketa lanetan aritu den Mikel Mendizabalek jantziko dio txapela irabazleari. Aurretik bere hitzak bildu nahi izan ditu Bertsoa.eus atariak eta harekin izandako solasaldia argitaratuko da ostegunean. Gainera, Eskolartekoan kantatu duten hainbat bertsolariren testigantzak zabalduko ditugu ostiralean.

Bertsoei dagokionez, Arabako Oholtzapetik ekimeneko bertsoak eskainiko dira aste honetan. Eta Durangaldeko Kopla Txapelketa, Bertsolari aldizkariko ale berria eta beste hainbat kontu jorratuko ditugu.

Mikel Mendizabal eta Eskolartekoa, protagonistak Bertsoa.eus atarian.