Mikel Labakarekin solasean, Hitzetik Hortzeran

2018/03/01
Realean zazpi denboraldi egin zituen azpeitiarrak jokalari gisa eta gaur egun talde teknikoko kidea da. Futbolaz eta bertsoaz ariko gara berarekin. Eta bertsoz ere oparoa dator aste honetako programa, Alegian, Zarautzen, Aizarnazabalen eta Tolosan entzundako bertsorik onenak ekarriko baititugu pantailara. Igandean izango da hitzordua, 15:00etan.

Bertsoz eta edukiz ondo hornitua dator martxoko lehendabiziko Hitzetik Hortzera programa, elkarrizketa mamitsu bat eta lau bertso-saiotako bertsoaldiak ekarriko baititugu pantailara.

Futbol munduan izen ezaguna da Mikel Labaka azpeitiarrarena. Herriko Lagun Onak taldean hasi eta Realerako jauzia eman zuen gaztetan. Real Unionen eta Murtzian jokatu ondoren, 2004an iritsi zen Realeko lehenengo taldera eta han aritu zen 2011ra arte. Rayo Vallecanon bi denboraldi egin ostean hartu zuen erretiroa futbolari gisa. Dena den, gaur egun ere futbol zelaietatik gertu aritzen da lanean, Realeko talde teknikoan aritzen baita. Bera izango da aste honetako Hitzetik Hortzerako gonbidatua.

Bertsozalea da Mikel Labaka, hizketa patxadatsukoa. Bere futbolari ibilbideaz, futbolak duen oihartzun mediatikoaz eta kirolak eta kulturgintzak izan dezaketen harremanaz ariko gara berarekin; eta, noski, bertsolaritzaz ere jardungo gara.

Giro beroa Alegiako gaztetxean

Baina elkarrizketaz bakarrik ez, bertsoz ere ondo hornitua dator aste honetako programa. Alegiako gaztetxean egingo dugu lehenengo geltokia, bertan Oihana Iguaran, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Andoni Egaña eta Jon Maia jardun baitziren kantuan, Iker Iriarte alegiarra gai-jartzaile zutela. Saio umoretsua atera zen, eta Jon Maia sukaldariaren ahotik jakingo dugu gainerako bertsolariei zein plater jarriko liekeen. Alaia Martinek autopsia egingo dio Andoni Egañari, eta honek bisturia bezain zorrotz erantzungo dio. Ariketa berezi bat ere ikusiko dugu pantailan, kartzelako lan originala egin baitzuten saioan: beste lau bertsolariek Andoni Egaña noiz ezagutu zuten kontatu zuten zarauztarrak ez entzuteko moduan eta, ondoren, kartzelatik bueltan, Andoni Egaña saiatu zen asmatzen atzekoek zer esan ote zuten. Ederki gozatu zuten entzuleek ariketa honetan.

Gai serioagorik ere izan zen, ordea, Alegian. Otsailaren 20an hamabost urte bete ziren epaile baten aginduz Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi eta zuzendaritzako zenbait kide atxilotu zituenetik. Euskaldunon Egunkariaren lehenengo alea eta Berria egunkariaren estreinakoa eskutan hartuta aritu ziren kantuan Jon Maia eta Beñat Gaztelumendi.

Bertso Eguna Zarauzko Gaztetxean

Zarautzera ere joango gara bertso bila. Otsailaren 24an saio ederra izan zen Putzuzulo gaztetxean. Abuztuan egin izan dira Azken Portuko festak, baina jai batzordearen eta udalaren arteko zenbait gorabehera tarteko 2017an ez zen bertso-saiorik izan. Atzerapenarekin izan arren, otsailaren 24an egin zuten saioa Beñat Jauregi, Oihana Iguaran, Agin Laburu, Amets Arzallus, Eneritz Artetxe eta Iker Zubeldia bertsolariak eta Beñat Intxauspe gai-jartzailea oholtzan zirela. Gaurkotasun handiko bertsoaldiak ekarriko ditugu programara: alde batetik, Oihana Iguaran eta Amets Arzallus pentsionisten arteko elkarrizketa entzuteko aukera izango dugu. Bestetik, Oihana Iguaranen bakarkako eder bat ere berreskuratuko dugu. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian Gaur udaberri bat dabil doinua atera zuen amasarrak, Ismael Serranoren Papá cuéntame otra vez doinua oinarri hartuta. Beñat Intxaustik doinu horretan eta martxoaren 8ari begira amari galdezka jarri eta sorta ederra osatu zuen Oihana Iguaranek.

Baina umorerako tarterik ere izan zen Zarautzen, Iker Zubeldia eta Amets Arzallusen arteko elkarrizketa kasu. Elkarrekin ligatu eta zegamarraren etxera joan ziren biak, baina Amets Arzallus harrituta zegoen gelako "dekorazioa" ikusita. Algara ederrak sortu zituzten Putzuzulo gaztetxean.

Bertsoa eta futbola

Itxuraz elkarrengandik urrun egon arren, bada harremanik bertsoaren eta futbolaren artean, urtarrilean Maialen Lujanbiok Realaren eta Bartzelonaren arteko partiduaren aurretik egindako ohorezko sakeak erakusten duen moduan. Azken asteotan plazetan askotan kantatu izan zaio gertaera horri, eta guk bi bertsoaldi hautatu ditugu horren inguruan jarduteko: Andoni Egañak Aizarnazabalgo bertso-afarian egindako bakarkakoa eta Amets Arzallusek eta Maialen Lujanbiok berak Tolosan osatutako ofizioa.

Hau guztia eta askoz gehiago igande bazkalostean izango da ikusgai, 15:00ak aldera, ETB1en. Eta zuzenean ikusi ezin duzuenok Internetez ere izango duzue aukera, www.eitb.tv helbidean.

Mikel Labakarekin dugu hitzordua igande honetan, 15:00etan.