Mendaroko 'Txirristaka', Hitzetik Hortzeran
Eusebio Mugertza Txirristaka bertsolaria jaio zela 150 urte bete ziren iaz. Horren harira, Mendaroko Udalak, In Leike kultur elkarteak eta herritar talde batek kultur programa antolatu zuten; eta tartean, hari buruzko liburua ere sortu zuten Andoni Egaña bertsolariak eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak. Liburuaren sortze prozesuari eta Txirristaka bertsolariai buruz hitz egingo dugu aste honetako Hitzetik Hortzeran sortzaile biekin.
Lehendik bazen Mendaro Txirristaka liburua Auspoa Sailaren eskutik, eta handik abiatuta sortu du orain ipuina Andoni Egañak. Bertso jartzaile oparoa izan zen Txirristaka, eta bere bertso jarriek ongi islatzen dute nolakoa izan zen bere bizimodua, baita garai hartako gizartea ere. Behin ipuinaren hitzak jasota hasi zen lanean Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailea. Bere umetako ipuinen kutsua eta kolorea eman nahi izan dizkiola azpimarratu du Axpik. Testutik marrazki eta ilustrazioetarako bideari buruz ere hitz egingo dugu programan. Sortzaie biak, Egaña eta Axpi, gustura daude liburuaren emaitzarekin.
Azkoitia eta Andoaingo bertsoaldiak
Ohi bezala, elkarrizketez gain bertsoaldiak entzuteko tartea ere izango dugu Hitzetik Hortzeran.
Azkoitian bertso saioa antolatu zuten Emakumeen nazioarteko egunaren harira: Alaia Martinek, Eneritz Artetxek, Julene Iturbek eta Naia Arrizabalagak kantatu zuten eta Haritz Alberdi aritu zen gai-jartzaile lanetan.
Andoaingo bertsoak entzuteko aukera ere izango dugu. Urtero antolatzen dute Sahararen aldeko bertso saioa bertako bertso-eskolak, Andoaingo Udalak eta Hurria Saharak. Aurten Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Andoni Rekondo, Eneritz Artetxe, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaranek egin zuten bertsotan. Gai-jartzaile lanak, berriz, Maddi Etxeberriak egin zituen.
Hitzetik Hortzera, larunbatean 21:00etan ETB1en.