Martxoaren 3an hasiko da Bertso Udalekuetarako izen-ematea

2020/02/19
Bertso-eskoletako kideek edota gurasoren bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenek lehentasuna izango dute Bertso Udalekuetan izena emateko; gainerakoentzako martxoaren 18an abiatuko da izen-ematea.

Orio, Zugarramurdi, Uitzi, Sopela eta Zuhatza. Helmuga horiek izango dituzte udan bertsolaritzaz gozatu nahi duten gazteek. Aurtengo Bertso Udalekuetako txanda guztiak uztailean izango dira, eta, ohi bezala, txanda bakoitzak adin tarte jakin bat izango du.

Uztailaren 2tik 11ra egingo da lehen txanda, Orion. 2004 eta 2005 urteetan jaiotako gazteak elkartuko dira han, alegia, 15 eta 16 urte bitartekoak. Han daudela irekiko da Zugarramurdiko udalekua: uztailaren 3an hasi eta sei lo eginda, uztailaren 9ra arte, Graxiana Sorginen aterpean izango dira 12 eta 13 urteko gazteak, 2007 eta 2008 urteetan jaiotakoak. Hura amaituta 10 eguneko egonaldia egingo dute Uitzi aukeratzen duten gazteek, uztailaren 10ean hasita. 2006 eta 2007 urteetan jaiotakoentzako da hura. Sopelako eta Zuhatzako txandak izango dituzte parte hartzaile helduenek eta gazteenek, hurrenez hurren. 17 eta 18 urte bitartekoak uztailaren 21etik 30era izango dute udalekua Bizkaiko kostaldean eta Arabako uhartean gazteenek, uztailaren 27tik 31ra; 9 eta 11 urte bitartekoek, alegia.

Martxoaren 3tik 16ra bitarte lehentasuna izango dute izena emateko bertso-eskolako kideek edota gurasoren bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenek. Behin epe hori pasata, martxoaren 18tik 30era arte irekiko zaie aukera gainerako gazteei.

Hezitzaileen izen-ematea, astelehenera arte

Otsailaren 24a bukatzerako eman beharko dute izena begirale, sukaldari edo zuzendari aritu nahi duten hezitzaileek, baita begirale praktikak egin nahi dituztenek ere. Maiatzaren 9an Amasa-Villabonako Subijana etxean, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan, egingo den prestaketa saioan parte hartu beharko dute hautatuek.

Apirilaren 3a baino lehen erantzungo zaie izena eman dutenei eta jakinaraziko da lantaldearen osaketaren berri.

Hezitzaile aritu nahi izanez gero, oraindik ere izena emateko garaiz zabiltza izen-emate orria beteta.

Iaz, Duzunaritzen.