Martxoaren 2an irekiko da Bertso Udalekuetako izen-emate epea

2026/02/24
Bertso eskolako kide direnentzat edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat zabalduko da astebete barru izen-ematea; gainontzekoek martxoaren 18tik aurrera izango dute horretarako aukera.

Uda urruti dagoen arren, planak egiten hasteko garaia da dagoeneko. Martxoaren 2an irekiko da Bertso Udalekuetako izen-emate epea. Lehenengo epe horretan bertso-eskolako kide diren gazteentzat edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat izango da aukera. Goizeko 11:00etan hasiko da izen-ematea eta webgune honetako online galdetegia betez egin behar da. Txandak izen-emate ordenaren arabera betetzen dira, beraz, etorri nahi izanez gero, lehenbailehen izena-eman.

Lehen epealdia martxoaren 15era arte egongo da zabalik. Ondoren, betetzeko geratzen diren txandekin bigarren izen-emate epea irekiko da gainerako interesdunentzat martxoaren 18tik (goizeko 11:00etan hasita) apirilaren 13ra bitarte.

Edozein zalantza edo galdera izanez gero, deitu edo idatzi Bertsozale Elkartera: (00) (34) 943 69 41 29 / aisialdia@bertsozale.eus

Lau txanda, uztailean

Bertso Udalekuetako gazteak bi lekutan elkartuko dira aurtengoan: 9-11 urtekoak Zuhatzako irlan (Uribarri Ganboan, Araba); eta gainerako hiru txandak (12-13, 14-15 eta 16-18 urtekoak) Getadar aterpetxean (Ezprogi, Nafarroa). Lau txandak uztailean izango dira. Hementxe dago egonaldiei buruzko informazioa: eskuorria.

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute Bertso Udalekuen egitasmoa, eta Irizarrek laguntzen du.