Martxoaren 15ean egingo da Batzar Nagusia, Abadiñon

2026/02/26
Bertsozale Elkarteko herrialde guztietan egin da edo egingo da batzarra, eta Euskal Herrikoarekin itxiko da: martxoaren 15ean izango da, igandearekin, Abadiñoko Txanporta kultur gunean.

Pasa den urtearen argazkia ateratzeko eta dagoeneko martxan dugunerako lurra onduta uzteko aukera ematen du Batzar Orokorrak. Egindakoa balioan jartzeko eta baloratzeko ez ezik, etorkizunera begira ditugun erronkei eta bete beharrei nola heldu adosteko ere baliatzen da. Horretan aritu da herrialdez herrialde Bertsozale Elkartea: Araban hasi eta Gipuzkoaraino bidea eginda.

Izan ere, Arabako Bertsozale Elkartea izan da batzarra egiten lehena. Urtarrilaren 18an izan zen, Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean. Txapelketaren aurkezpen eguna baliatu zuten batzarrerako eta txapelketen hasierek dakarten ilusio eta indar berbera izan zuen batzarrak.

Arabari lekukoa Bertsularien Lagunak Elkarteak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak hartuko diote: otsailaren 28an izango dira batzarrak bi herrialdeetan, larunbatarekin. Atzetik etorriko dira Bizkaiko batzarra eta Gipuzkoakoa, biak martxoan eta ostegunez: martxoaren 5ean eta 12an, hurrenez hurren.

Herrialdeen ostean, Euskal Herrikoa

Martxoaren 15ean izango da Euskal Herriko Batzar Nagusia, Abadiñoko Txanporta kultur guneko aretoan. 10:30ean hasiko da batzarra, eta sarreraren ostean, 2025eko memoriak eta 2026ko egitasmoak aurkeztuko dira, diru kontu eta aurrekontuekin batera. Ohi bezala, herrialde bakoitzaren irakurketa ere ekarriko da batzarrera.

Bertsozale Elkartetik batzarretan parte hartzeko gonbita luzatu nahi diegu bazkide guztiei, komunitatearentzat ari garelako eta, beraz, komunitatearekin elkarbanatu nahi genukeelako iazko urteak emandakoa eta 2026ra begira egiteko duguna.