Martxoak 3 elkartea, Hitzetik Hortzeran

2026/03/18
Nerea Martinez elkarteko kidea eta Uxue Diaz de Cerio Arabako Bertsozale Elkarteko eragilea izango dira aste honetako Hitzetik Hortzerako gonbidatuak. Aramaioko eta Andoaingo bertsoaldiekin osatuko da programa.

Gasteizko Martxoak 3 elkarteak jantziko dio txapela 2026ko Arabako Bertsolari Txapelketako txapeldunari. 50 urte pasa dira gertakizun horietatik eta Arabako Bertsozale Elkarteak omenaldia egin nahi izan dio, txapela jartzeko beraiei eskatuta. Hitzetik Hortzerak Nerea Martinez elkarteko kidea elkarrizketatuko du, urteurrena gogoratzeaz gain, gaur egun dituzten lanez eta erronkez hitz egiteko.

Martinezena ez da elkarrizketa bakarra izango. Uxue Diaz de Cerio Aizpeolea Arabako Bertsozale Elkarteko sustapen eragilearekin ere elkartuko da Mirari Martiarena Iraola. Diaz de Ceriorekin aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketak eman duenaz hitz egingo dute, baita, martxoaren 28an Gasteizen egingo den finalari buruz ere.


Aramaioko finalaurrekoko eta Andoaingo jaialdiko bertsoaldiak, ikusgai

Beti bezala, bertsoaldiekin jantziko da programa.

Arabako Bertsolari Txapelketarekin jarraituz, Aramaion jokatu zen Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan kantatutako bertsoak entzungo dira programan. Peru Abarrategi Sarrionandiak irabazi zuen saioa eta horrela finalerako zuzeneko txartela eskuratu zuen. Abarrategirekin batera bertsotan aritu ziren Andere Arriolabengoa Bengoa, Danel Herrarte Nafarrete, Martin Abarrategi Sarrionandia, Sabin Abarrategi Sarrionandia eta Xabi Igoa Eriz; gai-jartzaile lanak Lierni Altuna Ugartek egin zituen.

Bestalde, Andoainen egin zen Sahararen aldeko bertso saioko bertsoaldiak ere izango dira aste honetan. Saioa Imanol Artola Arretxe Felixek gidatu zuen eta bertsotan aritu ziren Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Aitor Mendiluze Gonzalez, Eneritz Artetxe Eizagirre, Joanes Illarregi Marzol, Maddalen Arzallus Antia eta Oihana Iguaran Barandiaran.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.