Martxan dira herrialdeetako eskolartekoak
Konturatu orduko pasa da beste urtebete, eta hasi dira herrialdeetako eskolartekoak martxan. Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarrekin antolatzen dute ekimen hau, eta gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematen die, besteak beste. Harremanak egiteko, hurbilekoak bertsozaletzeko eta antolakuntza lanetan ardurak hartzen hasteko ere izaten da eskolartekoa.
Nafarroa izan da aurten eskolartekoa abiatzen lehenengoa. Martxoaren 13an jokatu ziren kanporaketak Donezteben eta Iruñean, eta finala Leitzako gaztetxean jokatuko da apirilaren 17an.
Gipuzkoako eskolartekoa ere martxan da, dagoeneko jokatu dira lau kanporaketak: martxoaren 18an Altzon eta Oñatin jokatu ziren, eta 27an Legazpin eta Usurbilen. Finala, berriz, Azpeitian izango da apirilaren 24an, Elikagunean.
Apirilean hasiko dira Bizkaian ere eskolartekoarekin. Apirilaren 27an, 29an, maiatzaren 4an eta 6an jokatuko dira kanporaketak, Bilbon, Durangon, Muxikan eta Igorren, hurrenez hurren. Iaz hasitako bidetik, aurten ere idatzizko finala bi egunetan banatuko dute: maiatzaren 29an izango da Lehen Hezkuntzako 6. mailakoen finala eta maiatzaren 30ean nagusiagoena. Bat-bateko finala ere martxoaren 30ean izango da. Biak izango dira Aulestin.
Maiatzaren erdian hasiko dira arabarrak. Maiatzaren 14an, 15ean eta 21ean izango dira kanporaketak, Legution, Gasteizen eta Kanpezun. Finala, ostera, maiatzaren 23an jokatuko da, Aramaion.
Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako gazteek maiatzaren 23an izango dute sailkatze saioa, Lartzabelan eta finala, berriz, ekainaren 7an izango da Itsasun.
Herrialde bakoitzetik sailkatutako gazteek Euskal Herriko finala jokatuko dute: ekainaren 13an izango da Arantzan (Nafarroa), 11:30ean hasita.
Finalak |
Eguna eta lekua |
| Araba | Maiatzak 23, Aramaio |
| Bizkaia | Maiatzak 30, Aulesti |
| Gipuzkoa | Apirilak 24, Azpeitia |
| Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa | Ekainak 7, Itsasu |
| Nafarroa | Apirilak 17, Leitza |
| Euskal Herria | Ekainak 13, Arantza |