Maider Mendizabal izango dugu igandeko Hitzetik Hortzeran

2018/01/11
Datorren igandean Maider Mendizabal anoetarra izango dugu Hitzetik Hortzeran. Pala-jokalaria da bera eta azkenaldian eskuz jokatzen ere ikusi dugu pilotalekuan. Horrekin batera, Elgoibar, Aretxabaleta, Hernani eta Amurrioko jaialdietako bertsoak ekarriko ditugu. Hitzetik Hortzeran, igandean 15:00etan ETB1en.

Maider Mendizabal izango dugu igandeko Hitzetik Hortzeran. Pala-jokalaria da bera eta mundu mailako txapelketetan sari handiak irabazi ditu. Beste modalitateetan ere ibili da eta badabil; esaterako, pasa den urtean Emakume Master Cup lau t'erdiko eskuz banakako txapelketan txapeldunorde geratu zen. Pilotan jokatzeaz gain, emakumeen kirola sustatzeko hainbat proiektutan ere aritu da lanean. Bere ibilbideaz eta bertsolaritzarekin duen harremanaz galdetuko diogu igandeko Hitzetik Hortzeran. 

Lau bertso-jaialditako bertsoak ekarriko ditugu igandean. 2017.urtearen amaieran eta 2018.urtearen hasieran Elgoibarren, Aretxabaletan, Hernanin eta Amurrion egin diren jaialdietako bertsoak, hain zuzen ere. 

Elgoibarren Miren Artetxe, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Igor Elortza eta Maialen Lujanbio izan ziren kantuan eta Uxue Alberdik egin zituen gai-jartzaile lanak. Aretxabaletan Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Oihana Iguaran eta Agin Laburu aritu ziren bertsotan eta Amaia Agirrek jarri zizkien gaiak; eta Hernanin Unai Agirre, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Agin Laburu, Maialen Lujanbio eta Eli Pagola izan ziren kantuan Jose Luis Urdangarinen agindutara. 

BECtekada Amurrion

Urtarrilaren 4an Amurrion egin zen BECtekada bertso-jaialdia. Han izan ziren kantuan Amets Arzallus, Sustrai Colina, Igor Elortza, Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi. Hango bertsoak ere eskainiko ditugu igandeko Hitzetik Hortzeran. 

Hitzetik Hortzera, igandean 15:00etan ETB1en.

Maider Mendizabal, iaz Emakume Master Cup lau t'erdiko eskuz banakako txapelketan txapeldunorde geratu zen.