Maiatzaren 12an irekiko da Bertso Udalekuetako izen-ematea

2021/05/06
Bertso-eskolako kide diren edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide duten haurrek eta gazteek izango dute lehentasuna maiatzaren 21era arte. Aurreko urtekoen aldean, egun eta lagun kopuru gutxiagoko zortzi egonaldi antolatu ditugu. Une oro indarrean dauden osasun arauak beteko ditugu.

2021eko udak izango ditu Bertso Udalekuak. Azken hilabeteotan prestaketa lanetan aritu gara, baina egoeraren bilakaera adi jarraitu dugu, udalekuak egin ahal izateko baldintzak betetzen ziren aztertzeko. Aurrera egitea erabakita, maiatzaren 12an irekiko da Bertso Udalekuetan izena emateko epea, 10:00etan. Maiatzaren 21era arte lehentasuna izango dute bertso-eskolako kiden diren edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide duten haurrek eta gazteek; eta egun horretan ere 10:00etan itxiko da izen-ematea. Ondoren, baldintza horiek betetzen ez dituzten gainerako interesdunek bigarren epe bat izango dute izena emateko: maiatzaren 25etik 31ra, eta egun horietan ere 10:00etan abiatuko eta amaituko dira izen-emateak. Parte-hartzaileek egonaldi bakar bat aukeratu beharko dute.

COVID-19aren aurrean hartu behar diren osasun neurriak kontuan hartuta, prebentzio eta garbiketarako segurtasun protokoloa diseinatu dugu, eta, esan gabe doa, une oro aintzat hartuko ditugula indarrean dauden neurri eta legeak. Egoera aintzat hartuta, aurreko urteen aldean, talde txikiagoak antolatuko ditugu eta egonaldi motzagoak: horregatik, zortzi txanda izango dira aurten eskainiko direnak.

Ikusi antolatu ditugun txandak

Sopelan, Orion, Uitzin eta Amaiurren izango dira txanda guztiak, uztailean; 9-18 urte bitarteko gazteentzako udalekuak izango dira.

Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu Bertso Udalekuak, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Irizarren laguntzarekin.

Parte hartzeko eta ordainketarako baldintzak

Izena ematerakoan parte hartzeko baldintzak onartu beharko dira. Ordurako horiek irakurri nahi izanez gero, hemen duzu baldintzok jasotzen dituen dokumentua eta hari lotutako onartu beharreko fitxa; hala, izen-emate prozesua bizkortuko duzu egunean bertan.

Izen-ematea amaituta, ekainaren 9rako emango da txanden osaketaren berri. Erreserba baieztatzeko ordainketa epe bat jarriko da, eta behin udalekuetako txanda hasita ez da dirurik itzuliko. Udalekuak hasi bitartean, diru itzulketa egiteko salbuespen batzuk hartuko dira aintzat egungo osasun egoera tarteko.

Ordainketaren inguruko xehetasunak, txanden inguruko informazioa eta ohiko galderen erantzunak topatuko dituzu hemen.