Maialen Hiribarren Xilabako txapel emailea elkarrizketatuko dute aste honetako Hitzetik Hortzeran

2026/01/21
Larunbat honetan bere etxean hartuko du Hiribarrenek Hitzetik Hortzerako lan taldea. Atala osatzeko, Xilabako Bardozeko final aitzinekoko eta Ondarroako erregeetako jaialdiko bertsoaldiak izango dira programan.

Xilabako finalari begira jarriko da Hitzetik Hortzera larunbat honetan eta, horretarako, Maialen Hiribarren Iriart elkarrizketatuko dute: bera izango da 2026ko Xilabako txapeldunari txapela jantziko dion pertsona. Bertsularien Lagunak Elkarteak urteetan egindako inurri lana aitortu eta eskertu nahi dio modu honetara.

Umetatik bertsozalea izan da Hiribarren eta Seaskan irakasle zela hasi zen Bertsularien Lagunak elkartean laguntzen. Askotan aipatu ohi den isilpeko lanean aritu izan da eta lan horiei buruz arituko da Mirari Martiarenarekin solasean. Horrez gain, Ipar Euskal Herrian bertsolaritzak bizi duen loraldiaz eta bertso eskolen sorrerak eta egindako lanak izan duten garrantziaz ere arituko dira. Hiribarrenek gertutik bizi izan zituen Iparraldeko bertso eskolen mugimenduaren hasieran Xilabaren sorrera eta bilakaera, eta horretaz ere hitz egindo dute.

Bardozeko eta Ondarroako bertsoekin osatuko da programa

Aste honetan ere bi bertso saiotako bertsoaldiak entzuteko aukera izango da Hitzetik Hortzeran. Batetik, Xilabako Bardozeko bigarren final aitzinekoa izango da entzungai: Maddi Ane Txoperenak Iribarren irabazi zuen, eta berekin batera aritu ziren kantuan Aitor Servier Etxexuri, Irantzu Idoate Funosas, Karlos Aizpurua Etxarte, Patxi Iriart Hiribarren eta Ramuntxo Christy Biscay. Gai-emaile lanetan Ekhi Erremundegi Beloki aritu zen.

Bestetik, Ondarroako Erregetako jaialdiko bertsoaldiak ere izango dira programan. Iñaki Lersundi Arrizabalagaren esanetara aritu ziren kantuan Joanes Illarregi Marzol, Jone Larrinaga Dañobeitia, Nerea Ibarzabal Salegi eta Unai Agirre Goia.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.