Lizardi Sariko aleak, Bertsoa.eus atarian

2020/09/07
Pasa den ostiralean Zarautzen egindako saioan kantatutakoak argitaratuko ditugu sareko plaza digitalean; Gasteizko eta Ondarroako saioetako bertsoaldiak ere bai aste honetan.

Ane Zuazubiskarrek irabazi du Bertsolari Gazteen Lizardi Saria. Pasa den ostiralean egin zen saioa, Zarautzen, eta Arrasatekoarekin aritu ziren kantuan Aner Peritz, Eneko Araiztegi, Mikel Iturriotz, Oihana Arana eta Xabat Illarregi. Han osatutako bertso aleak laster izango dira entzungai Bertsoa.eus atarian.

Abuztuaren amaieran Gasteizen izandako bertso saioa ere jada eskura dago webgunean. Aintzane Irazustak jarritako gaiei erantzuten aritu ziren Aroa Arrizubieta, Beñat Garaio, Manex Agirre eta Xabi Igoa. Datozen egunetan, Ondarroan izandako bertso saio musikatua ere izango da: Ez da kasualitatea saioaren baitan aritu ziren Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal eta Uxue Alberdi, Maite Berriozabal gai jartzaile lanetan zela eta Araitz Bizkai eta Gari Otamendi musikariekin.

Eta, noski, bertsoak berekin dakartzan albisteak ere bai, Bertsoa.eus atarian.

Gasteizko saioko bertsoaldiak, eskura.