Libertimendua Hitzetik Hotzeran

2024/02/15
Peio Berterretxe antzerki zuzendariarekin elkartuko dira aste honetako Hitzetik Hortzeran. Irisarriko eta Pasaiako bertsoaldiak osatuko dute aste honetako programa.

Baxe Nafarroan izango dira aste honetan Hitzetik Hortzerako lagunak, Baigurako Libertimendua lehen eskutik ezagutzeko. Inauteri giroko saioan Peio Berterretxe antzerki zuzendariarekin elkartuko da Mirari Martiarena Irisarrin. Bertan egin baita aurtengo Baigurako Libertimendua. 

Libertimenduak desagertuta edo galduta egon ondotik, Antton Lukuk teorizatu zuen “Libertitzeaz” liburuan eta ondoren berrekuratu zituen bere lizeoko ikasleekin. Donibane Garazi aldean hasi zena, pixkanaka hedatua da, Baxe Nafarroako beste gune batzuetara, Lapurdira eta baita Euskal Herriko leku batzuetara ere. Libertimendua prestatzeak eta egiteak Baigurari egiten dion ekarpenaz arituko da Peio Berterretxe, baita figura desberdinez eta kontatzen denari buruz ere. 

Antzerkiak, dantzak eta bertsoek osatzen dute libertimendua. Eta bakoitzaren lana eta funtzioa zein den azalduko dizkio Peio Berterretxek Mirariri. Libertimenduak proiektu kolektibo bat baitira eta gai politikoetan kritikotasuna lantzea izaten dute helburu besteak beste. 

Libertimenduaz hitz egiteaz gain, Peio Berterretxeren antzerki ibilbideari buruz ere arituko dira. Makean antzerkia egiten hasi zenetik, Frantzian egindako urteez eta gaur egun antzerkiarekin lotuta dituen proiektuez hitz egingo dute.  

Irisarri eta Pasaiako bertsoaldiak

Irisarriko Libertimenduko bertsoaldiak izango dira aste honetako programan. Bertan kantuan aritu ziren Amets Arzallus eta Mizel Mateo.

Bestetik, Pasaian Bixi-Bixi Elkarteak antolatutako jaialdiko bertsoaldiak izango dira. Juanba Berasategi aretoan Amaia Agirreren esanetara aritu ziren kantuan Iker Zubeldia, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Oihana Bartra eta Oihana Iguaran

Hitzetik Hortzera, larunbatean 21:00etan ETB1en, eta ondoren, edonoiz, EITB Nahieran atarian.