Lehendakaritzaren erreleboa, taldean berriro

2024/03/10
Ainhoa Urienek, Onintza Enbeitak, Sustrai Colinak eta Xabi Igoak osatuko dute Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza talde berria. Batzar Nagusian bozkatu eta onetsi dute bazkideek.

Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Ohiko Batzar Nagusia izan da gaur Aguraingo udaletxeko pleno aretoan. 11:00etarako zeuden deituta bazkideak, eta ez dute hutsik egin: bete egin da aretoa. Gai ordenan ugariak izan dira jorratzeko puntuak, baina azkenak, lehendakaritzaren erreleboak, izan du interes handiena publikoaren artean. Aldaketaren erabakia aho batez hartu dute bazkideek.

Aurpegi berriak dakartza lehendakaritza taldeak, baina ez ezezagunak. Ainhoa Urien, Sustrai Colina eta Onintza Enbeita sartuko dira taldean, eta Xabi Igoak lehendakaritza taldean jarraituko du, aurrekoan ere kide izan baita. Zortzi kidez osatutako lehendakaritza talde honek 2018an hartu zuen lekukoa.

Lehendakaritza talde berria Bertsozale Elkarteak gaur arte izan duen zuzendaritzara batuko da, eta sailetako arduradunekin, Lankuko zuzendariarekin eta lurraldeetako elkarteetako lehendakariekin batera partekatuko dute Bertsozale Elkartearen gidaritza.

2023ko kontuak eta 2024ko egitasmo eta aurrekontua onartu ditu Bertsozale Elkarteko Batzar Nagusiak. 

Prozesuaren parte

Titularra lehendakaritza taldeak bereganatu du, baina ez da elkarteak aurkeztu duen berritasun bakarra. Hain zuzen ere, elkarteko koordinaziotik adierazi dute erabakigune nagusietan partaideen erreleboa eta funtzionamendua berritzeko lanean ari direla.

Horrez gain, elkarteak bere lan ildo nagusien irakurketa ere egin du: 2023ko kontuak eta 2024ko egitasmoa landu ditu elkarteko sail eta herrialde bakoitzak.

Horrela, transmisioaren egungo irakurketa egin dugu, eta bertso-eskoletan eta beraientzako materialean jarri dugu begia. Hedapen lanek berebiziko garrantzia hartu dute, eta Hitzetik Hortzerak inoizko audientzia daturik altuenak izan ditu. Ikerkuntza da beste oinarri sendoetako bat: jakinarazi dugu bertsolariei buruzko ikerketa jarriko dugula martxan, gaur egungo bertsolaria nolakoa den jakiteko. Bertsolarien ikerketaz harago, plazarena ere egin dugu, bertsolarien lan-baldintzak hobetzea helburu. Eta dokumentazio aldetik, Bertso saioen agenda eta grabazioen zirkuitua berrantolatu dira.

Berrikuntza guzti horiek 2018an zehaztutako gogoeta estrategikoaren parte dira. Egun prozesu horren erdian gaude, 12 urterako zehaztu baikenuen. Orduan zehaztutako helburuekin jarraitzeko asmoa dugu aurten ere.