<!DOCTYPE html> Lehendakaritza talde berriarekin solasean, Bertsoa.eus atarian — Bertsozale Elkartea

Lehendakaritza talde berriarekin solasean, Bertsoa.eus atarian

2018/03/14
Taldea osatzen duen zortzikoteaz gainera, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzailea den Aritz Zerain eta kargua utzi berri duten Iñaki Murua elkarteko lehendakari ohiaren eta Xabier Gaztelumendi idazkari ohiaren hitzak ere bildu ditu sareko plazak.

Pasa den larunbatean gauzatu zen Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia Iruñean. Iñaki Murua eta Xabier Gaztelumendi elkarteko orain arteko lehendakaria eta idazkaria agurtu ziren eta haien lekua hartu du zortzi kidez osatutako taldeak: Arrate Illaro, Beñat Gaztelumendi, Eneritz Zabaleta, Igor Elortza, Josu Goikoetxea, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Xabi Igoa. Horien guztien adierazpenak zein Aritz Zerain Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzailearenak jaso ditu Bertsoa.eus atariak.

Bestalde, Iker Zubeldia bertsolariarekin solasean aritzeko beta ere hartu du sareko plaza digitalak. Harekin izandako elkarrizketa ikusgai izango da bihar bertan.

Eta bertsoak, noski: Elorrioko eta Zigoitiako saioetan izandako bertsoaldien hautaketa argitaratuko da aste honetan. Batetik, Elorrion, bertso afaria gauzatu zen Igor Elortzarekin eta Maialen Lujanbiorekin. Bestetik, bertso musikatuak izan ziren Zigoitian, Ez da kasualitatea emankizunaren baitan: Alaia Martin, Oihana Bartra, Oihana Iguaran eta Oihane Perea izan ziren bertsotan, Isaac Arruti eta Gari Otamendi musikari lanetan zirela. Gainera, Bardoetako azken saioetako hautaketa ere izango da eskura.

Arabako Bertso Kuadrilla Arteko finala, BBK sariketa, Bertsoa Bizi Gazte ekimena eta beste hainbat kontu ere ekarriko ditu aste honetan www.bertsoa.eus webguneak.

Bertsozale Elkarteko lehendakaritzan izan den aldaketa, hizpide Bertsoa.eus atarian.