Legazpiko eta Biriatuko bertso onenak eskainiko ditu Hitzetik Hortzerak

2018/03/07
Agurtzane Elustondo trikitilaria izango da aste honetako gonbidatua. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakari da 2011z geroztik. Trikitiaz hizketan jardungo gara berarekin, eta Legazpiko berri ere emango digu, Aitor Sarriegik eta Unai Agirrek afalostean bertan botatako bertso onenak ekarriko baititugu programara. Eta Biriatun Amets Arzallusek, Maialen Lujanbiok, Maddalen Arzallusek, Andoni Egañak eta Unai Agirrek utzitako ale onenak ere eskainiko ditugu aste honetan.

Hamarkada askotan senide izan dira trikitia eta bertsoa. Plazako ohiko jardunak askotan elkartu izan ditu bi diziplinetako sortzaileak, eta elkar elikatu izan dute, bertsolarien hitzak abesti bilakatu baitituzte trikitilari askok, eta trikitilarien piezak oinarri dituzten melodia asko bertso-doinu baitira gaur egun. Harreman horretaz jardungo gara aste honetako Hitzetik Hortzeran.

Ez baitugu nolanahiko gonbidatua izango aste honetan: Agurtzane Elustondo legazpiarra ekarriko dugu programara. Plazaz plaza ibilbide oparoa osatu du Agurtzane Elustondok, eta 2015ean diskoa ere kaleratu zuen. 2011tik Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakari ere bada, eta egiten duten lanaz, trikitiarekin duen harremanaz eta etorkizunaz ere jardungo gara berarekin. Legazpiko herriaren berri ere emango digu.

Legazpi izango baita aste honetako programaren lehendabiziko geltokia. Hilaren 2an bertso-afaritan aritu ziren Unai Agirre eta Aitor Sarriegi. Saioa librean hasi eta bukatu bazuten ere, bestelako kontuak ere izan zituzten bertsotarako gai: herriko ikastolaren urteurrena eta Aitor Sarriegik BECen goizeko saioan botatako bakarkakoa, besteak beste. Bertsoaldi horiek ekarriko ditugu programara.

Eta harribitxi bat ere aurkitu genuen Legazpin. Bertso saioak bukatzeko ohikoa izaten da puntukako ariketa. Gogoangarria izan zen bertso afaria borobiltzeko Unai Agirrek eta Aitor Sarriegik puntuka osatu zuten bertsoaldia, eta igandean telebistan eskainiko dugu.

Biriatuko elizan ikastolaren alde

Biriatun egun berezia izan zuten martxoaren 4an. Herriko ikastolaren sostenguz egun osoko festa antolatu zuten. Paella-jana izan zuten eguerdian, eta bertso saioa ondoren, luxuzko boskotearekin: Unai Agirre, Andoni Egaña, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Aimar Karrika aritu zen gai-jartzen. Eta aretoa ere berezia izan zen: herriko eliza dotorea.

Saio ederra atera zen. Gaurkotasuneko gaiek pisu handia hartu zuten: herriko ikastolari kantuan aritu ziren Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus eta martxoaren 8aren inguruan Maialen Lujanbio bera eta Maddalen Arzallus. Dena den, umorerako ere izan zen aukerarik: Aimar Karrikak Frantziako Tourrean kokatu zituen bost bertsolariak, eta ezkontza egun bateko gorabeherez ere aritu ziren Maialen Lujanbio eta Unai Agirre.

Hau guztia eta askoz gehiago izango da ikusgai igande honetan 15:00ak aldera, ETB1en; eta nahi duzuenero, EITB Nahieranen.

Agurtzane Elustondo izango dugu gonbidatu Hitzetik Hortzeran.