Lazkao Txiki gogora ekarriko dute denboraldiko azken Hitzetik Hortzeran
Denboraldiko azken programa du larunbat honetan Hitzetik Hortzerak eta, agur esateko, Joxe Miel Iztueta Kortajarena Lazkao Txikiri buruzko programa osatu dute. Lazkaoko Gerriko Elkarteak urtero egiten du Lazkao Txiki Gogoan izeneko ekitaldia, izenak dioen bezala, Joxe Miel Iztueta Lazkao Txiki bertsolaria gogoratzeko. Aurten urteurren berezia izan da: irailean 100 urte beteko dira Lazkao Txiki jaio zenetik. Hitzetik Hortzerako lantaldeak ere urteurren horren aitzakian bi lagun elkartu ditu, Lazkao Txiki zenari buruz hitz egiteko: Inazio Usarralde Arantzadi eta Joxepa Madariaga Irastortza.
Gerriko Elkarteko kideak dira Usarralde eta Madariaga eta maitasunez eta miresmenez gogoratzen dute Lazkao Txiki. Diotenez, omenaldia ez da egun bateko kontua izaten soilik, Lazkaon oso presente dagoelako Lazkao Txikiren figura, eta eguneroko elkarrizketetan askotan aipatzen baitira bere bertso eta pasadizoak. Horrela, bertsolariak emandakoa gogoratuko dituzte aste honetako programan.
Lazkaoko bertso bazkaria eta Lazkao Txikiren bertsoak ere, ikusgai
Lazkao Txiki Gogoan ekitaldiaren ondoren bertso bazkaria egin zuten herriko Gerriko Elkartean, eta bertako bertsoaldiak ikusiko dira larunbat honetan, Hitzetik Hortzeran. Kantuan Aitor Sarriegi Galparsoro, June Aiestaran Iparragirre eta Nerea Elustondo Plazaola aritu ziren.
Bertsoaldi horiekin batera, Lazkao Txikiren hainbat bertsoaldi ere izango dira Hitzetik Hortzeran. Eta harekin batera kantuan entzungo dira Imanol Lazkano, Joxe Agirre, Xabier Amuriza eta Xabier Euzkitze, besteak beste.
Amaitzeko, Oraiko dama gaztiak bertso sorta
Aña Etxegarai bertsolariak bere garaiko neska gazteen jazkerak eta jarrerak azaltzen dituen bertso sortarekin bukatuko da Hitzetik Hortzeraren denboraldia: Oraiko dama gaztiak sortarekin. Ainhoa Sarasua Laskaraik eta Eñaut Agirre Goiak kantatuko dituzte bertsoak eta, beti bezala, Manex Pagola Apezetxea musikaria izango dute ondoan.
Irailera arteko azken Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.