Larunbateko jaiarekin amaituko da aurtengo Eskolartekoa

2016/06/01
Ereñotzun da hitzordua, 11:00etan hasita: Eskolartekoaren bat-bateko finalaz gain, bazkaria eta bazkalondoko bertso saioa eta erromeria emanaldi berezia izango dira.

Herrialde guztietako bertsolari gazteak batuko ditu Eskolartekoak larunbatean Ereñotzun. Ekimenak herrialde bakoitzean bere bidea egin eta gero, larunbat goizean Euskal Herriko Eskolartekoaren bat-bateko txapelketan ariko diren parte-hartzaileak zehaztuta daude jada: Arabatik, Aroa Arrizubieta eta Peru Amorrortu; Bizkaitik, Txaber Altube eta Unai Mendiburu; Gipuzkoatik, Beñat Mujika eta Aizpea Garmendia; Lapurditik, Kerman Díaz eta Nahia Sasco eta Baxenabarretik, Elixabet Etxandi eta Oier Urreizti; eta Nafarroatik, Joanes Illarregi eta Xabat Illarregi. Maite Berriozabalek aurkeztuko dizkie gaiak, eta irabazleari Alaia Martinek jantziko dio txapela.

Ondoren, 14:00etan, Larre-gain sagardotegian izango da bazkaria; Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin (ENEEK) elkarlanean, bertako produktuak izango ditu oinarri. Bazkalondoan, Eli Pagola eta Agin Laburu bertsolariak ariko dira kupelen artean librean eta, ondoren, erromeria emanaldi berezia izango da 18:00ak arte, Xabier Solano, Jon Mari Beasain, Sergio Ordoñez eta Harkaitz Bastarrikaren eskutik. 

Eskolarteko jai handiaren bezperan, ekainaren 3an, beteko da Txirritaren heriotzaren 80.urteurrena. Data seinalatu horren baitan hainbat ekintza antolatu dira bere jaioterrian, Ereñotzun, eta agenda horren baitan antolatu da aurten Eskolartekoaren finala ere.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatu dute elkarlanean Eskolartekoa, bertso-eskolen laguntzari esker. Euskal Herriko finala antolatu ahal izateko beren laguntza eskaini duten erakundeak hauexek izan dira: Ereñotzuko auzo-udala, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (ENEEK), Bizkaiko Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura Saila.

Finalari buruzko informazioa www.bertsozale.eus eta www.ikastola.net atarietan topatuko duzu, eta ikusgai jarriko da www.bertsoa.eus atarian.

Iaz, Orion jokatu zen finala. Iturria: XDZ