Larunbatean egingo dugu Batzar Nagusia, Ozaetan

2017/03/21
11:00etatik aurrera izango da hitzordua Barrundia udalerriko herrian. Bazkide guztiok gonbidatuta zaudete.

Arabak hartuko du aurten Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Batzar Nagusia. Ozaetako Iduia jauregian bilduko gara Elkarteko bazkideok, 11:00etatik aurrera, 2016.urteari erreparatzeko eta 2017ko egitasmoa aurkeztu eta onartzeko.

Lurraldeetako Bertsozale Elkarteek egin dituzte beren batzarrak: urtarrilean arabarrek egin zuten lehenik eta duela ia bi aste egin zuen azkena Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Horiek eginda, lurralde hauek guztiak batzen dituen Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia gauzatuko da, esan bezala, larunbat honetan bertan.

Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariaren hitzek emango diote hasiera Batzar Nagusiari. Horren ostean, 2016. urteari errepasoa egingo diogu: urteko memoria eta balantza ekonomikoak aurkeztuko ditugu. Aurrera begira jarriko gara gero eta urte honetarako esku artean ditugun egitasmo nagusiak ezagutuko ditugu sail bakoitzeko ordezkarien eskutik. Lurralde bakoitzaren egoera ere ezagutuko dugu lehendakarien ahotik. Batzarra amaitzeko, 2017ko aurrekontua aurkeztu eta bozkatuko da.

Bazkide guztiok gonbidatuta zaudete.

Herrialdeetako batzarrak

Urtarrilaren 21ean Laudion egin zuen lehen batzarra Arabako Bertsozale Elkarteak. Hitzordua Arabako Bertsolari Txapelketa aurkezteko baliatu zuen bidenabar. Segidan etorri ziren Gipuzkoakoa eta Nafarroakoa. Urtarrilaren 28an egin zen lehena Azpeitian eta otsailaren 4an, Iruñean, bigarrena. Bi kasuetan, arabarren antzera, batzarra bakarrik ez eta egun horretan bertan egitasmo bana jarri zituzten martxan: Gipuzkoako Herriartekoa eta Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Otsailaren 18an egin zuen Bertsularien Lagunak Elkarteak Senperen eta azkenik, martxoaren 11n egin zuen berea Bizkaiko elkarteak.

Iaz, Bergaran egin zen Batzar Nagusia.