Larunbatean, Bertso Egunera

2024/01/24
Astran izango diren bazkari eta bertso jaialdirako sarrerak oraindik badira bertsosarrerak.eus atarian. Amets Arzallusen ordez, Sustrai Colina ariko da arratsaldeko saioan.

Buru-belarri ari dira Bertsozale Elkartea eta Lilibertso bertso-eskola larunbateko egitarauari azken ukituak ematen. Gernika-Lumon egun osoko festa aurreikusten da Bertso Eguna tarteko.

10:30ean dute bertsozaleek hitzordua Muxikan, Ariatzan. Bertakoa da Garriko bertso-eskola, aitzindarietako bat bertsotarako elkargune izateari dagokionez. Ondoren, 12:00etan, Astra aurrean elkartuko dira zaleak eta lurralde ezberdinetako bertso-eskolak ariko dira tabernaz taberna ibilbidea osatuz.

15:00etan bazkaria eskainiko da Astran, eta 17:30ean hasiko da eguneko bertso jaialdia. 35 euroren truke lortu daitezke bazkarirako eta jaialdirako, bietarako, balio duten sarrerak bertsosarrerak.eus atarian. Hasiera batean kantatu behar zuen Amets Arzallusen ordez, Sustrai Colina ariko da. Gainerakoan, aurreikusi bezala, Etxahun Lekue, Maialen Lujanbio eta Saioa Alkaiza izango dira bertsotan; eta gai-emaile lanetan ariko da Aitor Etxebarriazarraga.

Ondoren, gauean ere izango da festa jarraitzeko aukerarik, DJ Bullen eskutik.

Larunbatean, Bertso Egunera!