Lankuren udako eskaintza, Bertsoan

2015/06/16
Plazatik Gaztetxera txapelketa ere amaitu da eta haren ingurukoak bildu ditu sareko plazak.

Garaiak hala aginduta, udara begira jarri da Bertsoa aste honetan. Datozen hilabeteetan ez da bertsolaritzaz eta ahozkotasunari loturiko beste hainbat ekitaldiaz gozatzeko aukerarik faltako, eta antolatzaileei lana errazteko eskaintza interesgarria du Lankuk. Kultur ekitaldiak prestatzeko giza zein baliabide materialak eskaintzen ditu eta horren ingurukoak bilduko ditu Bertsoak ostegunean.

Udaren atarian amaitu du bere bidea 14. Plazatik Gaztetxera txapelketak. Eli Pagolak eta Eñaut Martikorenak osatutako bikotea gailendu zen Markina-Xemeinen burututako finalean. Bertsoak zintzilik daude sareko plazan eta bihar txapelketa honen ingurukoak gehiago ezagutzeko abagunea eskainiko da.

Udaberriko bertso-saioak egin dituzte Bilbon, Santutxun, eta bertan botatako bertsoaldi onenak bildu eta argitaratu ditu Bertsoak. Bigarren atal bat ere izango du aukeraketa honek datorren astelehenean. Bestalde, eta Eskolartekoaren egun handia gero eta hurbilago dagoenez, ostiralean egitasmo honen aurrekariak berreskuratuko ditu Bertsoak.

Bertsoa, sareko plaza