Kristina Mardaras elkarrizketatuko dute aste honetan Hitzetik Hortzeran

2025/10/23
Iurretako bertsolariaren bizitzan bertsoak izan duen lekuaz arituko dira programan. Horretaz gain, Gasteizko eta Oiartzungo bertso saioak ere izango dira larunbatean, ETB1en.

Txiki-txikitatik bertsoa zainetan daraman bertsolaria izango da aste honetako Hitzetik Hortzerako gonbidatua: Kristina Mardaras. Elkarrizketa egingo dio Mirari Martiarenak, eta umetako Kristinaren unibertsoari buruz eta unibertso horretan bertsoak zuen lekuaz arituko dira.

Iurretako Oromiño auzokoa bera, Durangon bertso eskola martxan jarri zutenean, 1979 inguruan, eman zuen izena bertan. Bertso eskolatik plazarako bidea eta garaian emakumeen erreferente faltaz ere ariko dira programan.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa ere hizketagai izango dute Kristina Mardarasek eta Mirari Martiarenak. Txapelketan bete-betean sartuta dauden honetan, txapelketan eta bertsogintzan hain garrantzitsua den inurri lanari buruz egingo dute berba, besteak beste.

Gasteizko eta Oiartzungo bertsoaldiak, gozagai

Astero bezala plazako bertsoek jantziko dute Hitzetik Hortzera. Alde batetik, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan urtero egiten den bertso saioko bertsoaldiak izango dira larunbateko programan. Bertsotan aritu ziren Aitor Bizkarra, Eli Zaldua, Julio Soto eta June Aiestaran eta gai-jartzaile lanak, berriz, Irati Martinezek egin zituen.

Beste alde batetik, Oiartzunen Kategoriko 10. bertso bazkaria egin zuten eta bertako bertsoaldiak ere izango dira. Irati Matelok jarri zituen gaiak eta Alaia Martinek, Andoni Egañak, Joanes Illarregik eta Maialen Lujanbiok egin zuten bertsotan.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.