Korrikako mezugileak elkarrizketatuko dituzte Hitzetik Hortzeran

2026/05/06
Zazpi mezugileetatik hiru izango dira aste honetako programan: Leire Casamajou, Oihana Arana eta Xalbat Alzugarai. Horrez gain, Getxoko eta Zumaiako bertsoaldiak ere izango dira larunbatean, 21:00etatik aurrera.

Martxoaren 19tik 29ra zeharkatu zuen Euskal Herria Korrikak, Atharratzetik Bilboraino. Ohi bezala, azken kilometroan jakin zen mezuaren egilea zein zen, eta bakarraren ordez, zazpi izan ziren oraingoan: Aitzol Gil de San Vicente, Beñat Jusue Rosano, Elene Mengyu Larrinaga Bilbao, Leire Casamajou Elkegarai, Oier Iñurrieta Garmendia, Oihana Arana Cardenal eta Xalbat Alzugarai Etxeberri.

24. Korrikako mezua idatzi zuten zazpi lagunetatik hiruk lotura zuzena dute bertsoarekin: Casamajou bertsotan aritutakoa da; Arana, bertsolaria; eta Alzugarai, gai-jartzailea. Horregatik, mahaiaren bueltan elkartu ditu Hitzetik Hortzerak. Hainbat gai jorratuko dituzte: bertsoak eurengan duten lekuaz ariko dira, gaztea izateaz, euskararen gorpuzteaz edota Korrikaren mezuaz.


Getxoko bertso literatura eta Zumaiako jaialdia

Astero bezala, ezin da bertsoaldirik falta Hitzetik Hortzeran; Getxoko eta Zumaiakoak izango dira entzungai oraingoan.

Getxon, liburuaren eguna aitzakiatzat hartuta, bertso saio literarioa egin zuten: Unai Elorriaga Letonaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburua izan zuten oinarri saiorako. Elorriaga bera aritu zen gai-jartzaile lanetan eta, bertsotan, Amets Arzallus Antia, Andoni Egaña Makazaga, Maialen Lujanbio Zugasti eta Unai Mendiburu Valor.

Zumaiako, berriz, San Telmo festetako jaialdia egin zen urtero bezala. Kantuan Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Andoni Egaña Makazaga, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Maialen Lujanbio Zugasti, Onintza Enbeita Maguregi eta Xabat Illarregi Marzol aritu ziren; gai-jartzaile lanetan, berriz, Jon Maia Soria.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.