Kopla Barik zirkuituak emandakoa, Hitzetik Hortzeran

2020/12/24
Lau bertso saio berezi antolatu dira Bizkaian udazkenean, eta azkenengoan izan da Hitzetik Hortzera, Bizkaiko bertsolari txapeldunen saioan. Larunbatean eta igandean, ETB1en.

Bizkaiko txapelketarik egin ez den arren, bertsorik ez da falta izan Bizkaian udazkenean, Kopla Barik bertso zirkuituari esker. Lau bertso saio berezi antolatu dira, eta azkenengoan izan da Hitzetik Hortzera, Bizkaiko txapeldunen saioan. Antolatzaile eta bertsolariekin aritu gara solasean, eta haiek kontatutakoa eskainiko dizuegu larunbatean eta igandean, ETB1en.

Maddi Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko antolatzaileetako batekin elkartu gara. Azken saioaz gain, Kopla Barik bertso-zirkuituaren helburuez eta izan duen harreraz aritu gara berarekin, besteak beste. Bestalde, Etxahun Lekue eta Onintza Enbeita ere izan ditu solaskide Eiderrek; Bizkaiko bertsolari txapelketako azken bi txapeldunak dira, eta txapeldunen saioan ez ezik, beste saio banatan abestu dute zirkuitu honetan. Txapelketa bertan behera geratu den urte honetan, txapelketak eta Bizkaiko bertsogintzaren bilakaera izan ditugu hizketarako gai.

Musikatua, trama, sariketa…denetariko saioak

Bertso saio musikatua izan zen lehena, Mungian. Gero, bertso trama etorri zen; Igorreko saio hartan, bertsolari bakoitzari paper bat esleitu eta denboran bidaiatzea egokitu zitzaion, 2041eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera jauzi eginez. Sariketa izan zen hirugarrena, Durangoko Plateruenan; eta azken saioan, Bizkaiko zortzi txapeldun elkartu ziren oholtza gainean, Getxon. Orduko bertsoaldiak ere ekarriko ditugu aste honetako programara.

Hitzetik Hortzera: larunbatean 21:00etan eta igandean 15:00etan, ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Maddi Ibaibarriagarekin izan da Eider.