Karmele Gisasola herri kirolaria elkarrizketatuko dute aste honetako Hitzetik Hortzeran

2025/11/12
Igandean izango da aste honetako programa, 15:00etatik aurrera. Gisasolaren elkarrizketaz gain, Bizkaiko eta Nafarroako txapelketetako bertsoaldiak ere izango dira Hitzetik Hortzeran.

Umetatik herri kirolak gertutik bizi izan ditu Karmele Gisasolak; izan ere, aita harri jasotzailea izanda, berarekin joaten zen erakustaldietara. Ikustetik, egitera: gaztetxotan eman zituen lehen pausuak trontzan eta ondoren harria jasotzen ikasi zuen. Eta bide horretan hasi zenean entzun behar izan zuen harria ez zela emakumeentzat. Hala ere, bidean jarraitu zuen aurrera eta ibilbide luzea egin du horretan. Gaur egun harria utzita aizkoran zentratu da Gisasola.

Guzti hori eta gehiago kontatuko du igandeko Hitzetik Hortzeran. Besteak beste, emakumeek herri kiroletan duten presentziari buruz hitz egingo du Mirari Martiarenarekin: hainbat modalitatetan hartu duten indarraz, baina beste batzuetan jarri behar den arretaz. Herri kiroletako erreferente izatearen ardurari buruz ere arituko dira.

Bertso mundua ere gertutik ezagutzen du Karmele Gisasolak. Bertsozalea izan da betidanik eta elkarrizketan horri ere helduko diote. Bizkaiko Bertsozale Elkartean lanean ere aritu zen, eta garai hura ere ekarriko dute gogora.

Leitzako eta Barakaldoko finalaurrekoak ere, entzungai

Txapelketei ere jarraipena egiten ari da Hitzetik Hortzera, eta hala egingo dute aste honetan ere.

Nafarroako Bertsolari Txapelketako Leitzako finalaurrekoko bertsoaldiak entzungo dira. Jabi Lezaun LandaJulio Soto Ezkurdia, Kattin Madariaga ApaolazaMikel Lasarte CiaPatxi Castillo Graciarena eta Sarai Robles Vitas aritu ziren bertsotan, eta Iratxe Legarrak jarri zituen gaiak. Julio Sotok irabazi zuen saioa eta, beraz, azaroaren 29an Nafarroa Arenako finalerako zuzeneko txartela eskuratu zuen.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetako lehen bueltako azken saioa izan zen Barakaldon. Ibai Amillategi Omaetxebarria Irune Basagoiti AgirreLurdes Ondaro MalleaMikel Goiriena LarrazabalOnintza Enbeita Maguregi eta Xabat Galletebeitia Abaroa aritu ziren bertsotan eta gai-jartzen Idoia Anzorandia Kareaga. Barakaldoko saioaren ostean erabakita geratu da zeintzuk kantatuko duten bigarren bueltan Bermeon eta Markina-Xemeinen.

Bermeoko final-aurrekoa zuzenean eskainiko da ETB4n

Bertsozaleek hitzordu bikoitza dute asteburuan bertsoarekin. Izan ere, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren itzulia zuzenean jarraitzeko aukera izango da ETB4n arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Ilaski Serranok aurkeztuko du saioa eta ondoan izango du Ander Elortegi Garatea bertsolaria saioaren analisia egiteko. Bertsotan ariko dira Aissa Intxausti AburruzaAitor Bizkarra RuizAitor Etxebarriazarraga BadiolaIbai Amillategi OmaetxeaOnintza Enbeita Maguregi eta Unai Mendiburu Valor.

Hitzetik Hortzera: aste honetan igandean, 15:00etan, ETB1en.