<!DOCTYPE html> Kantagintza izan da Ahoa Bete Hots jardunaldietako lehen eguneko ardatza — Bertsozale Elkartea

Kantagintza izan da Ahoa Bete Hots jardunaldietako lehen eguneko ardatza

2014/07/02
Mintzola Fundazioak antolatuta, Ahoa Bete Hots jardunaldien bosgarren edizioa abiatu da gaur Villabonan. Ostiral arte luzatuko den ekimenaren lehenengo egunean kantagintza izan da protagonista. Alor diferentetatik landu dute gaia Mikel Markezek, Amaia Zubiriak eta Maika Etxekoparek. 27 lagunek eman dute izena jardunaldietan.

Mikel Markez (Errenteria, 1971) hasiera eman die Ahoa Bete Hots jardunaldiei. Euskal kantagintzari errepasoa egin dio musikariak, 60ko hamarkadatik hona.

Horren ostean, “Kantua entzun, entzuna kanta” izeneko saioa eskaini du Amaia Zubiriak (Donostia, 1947). Esperientzia pertsonaletik abiatuta, euskal kantagintzan eman zen iraultzaren berri eman du. Horrez gain, emakume eta kantaria izatearen gakoak aztertu ditu.

Maika Etxekopar (Gotaine-Irabarne, 1987) izan da eguneko azken hizlaria. Zuberoako kantari eta antzerkilariak herrialdean kultur transmisioak bizi duen egoeraren inguruan mintzatu da. Belaunaldi zahar eta berrien arteko aldeak eta euskarak hainbat kultur ekitalditan ezagutu duen gainbehera izan ditu aipagai.

Lehenengo jardunaldiari amaiera emateko euskal kantagintzan mugarri izan diren abestien kantaldia eskaini du Mikel Markezek.

Bihar Ahoa Bete Hots jardunaldien bigarren eguna izango da. Beste hiru hizlari arituko dira: Joseba Tapiak (“Belarria soinu” izenburupean),Jon Sarasua(“Transmisioaren garrantzia”) eta Antton Luke (“Antzerkiaren transmisioa: Euskal Kultura? eta Libertitateaz liburutik tiraka”). Egunari amaiera emateko hiru sortzaileen arteko mahai-ingurua izango da.

Jardunaldien informazio osoa Mintzolaren webgunean dago kontsultagai.

Mikel Markez eguneko lehen hizlaria izan da.