Kalean da ikasturteko azken BertsoZalea

2017/06/08
Azalean aipatzen den Bertsolari Txapelketa Nagusiarekin udazkenera begira jarri arren, ikasturtearekin batera amaitu diren ekimenei jarri die arreta ekaineko berripaperak.

Zenbait ikasleren kasuan bezala, BertsoZaleak ere hartu ditu oporrak ekaineko alea kaleratuta. Hain zuzen, ikasturte amaiera horri egiten dio erreferentzia azken aleak, bertsolaritza lantzen duten ikastetxeetan ikasleek ikasturte bukaerako jaialdiak egin baitituzte Euskal Herri osoan zehar, lurralde bakoitzak jaialdi horiei bere izaera eta izena emanaz. Ez da, ordea, bertsolaritza lantzen jarraitzeko aukerarik faltako, udan Bertso Udalekuak izango direlako, eta horiek ere aipatzen ditu BertsoZaleak.

Bestalde, Bizkaiko Taldekako eta Gipuzkoako Herriarteko ekimenak bukatuta, horien antolaketan buru-belarri ibili diren Beñat Vidalen eta Eneritz Artetxeren hitzak jaso ditu 185.zenbakiak, egitasmo horien balorazioa egiteko. Eta txapelketen hariari tira eginez, udazkeneraino joan zaigu berripaperaren azala. Bertsolari Txapelketa Nagusiari ekingo zaio irailaren 23an eta haren inguruko lehen xehetasunak aurreratu ditu aleak.

Gehiago jakin nahi? irailean itzuliko da BertsoZalea xehetasun guztiekin. Bitartean, atseden eta uda on!

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren inguruko lehen xehetasunak, ekaineko berripaperean.