June Aiestaranek irabazi du Gipuzkoako Eskolartekoa

2024/04/15
Lasturren jokatu da finala, 90 entzuleren aurrean. Joanes Azpillaga izan da bigarren, eta biak izango dira Euskal Herriko txapelketan.

June Aiestaran, Joanes Azpillaga, Kattalin Arabolaza, Egiar Otegi, Danel Etxeberria eta Sustrai Goenaga aritu ziren kantuan ostiral iluntzean. Bertsotarako giro ederra izan zen Lasturren, 80 lagunetik gora izan ziren afaltzen, eta gogotik txalotu zuten bertsolarien jarduna. Saio ona osatu zuten sei bertsolariek, erritmo bizi-bizian eta elkarri erantzunez. Bakarka ere ale bikainak utzi zituzten. Bat-bateko txapelketak Euskal Herrikoan izango du segida txapeldunarentzat eta txapeldun ordearentzat.

Bat-bateko txapelketaz gain, idatzizkoa ere martxan izan da martxoan zehar. Lasturren bertan egin zen haren sari banaketa ere, saritutako bertsoak kantatuta. Mara Albisturrek irabazi du lehen saria, eta Kattalin Arabolazak bigarrena.

Finalistek zein 14 urtez gorako bertso-eskoletako kideek Lasturren asteburu pasa geratzeko aukera izan zuten. 15 gaztek eman zuten izena, eta, besteak beste, bertso-bazkaria eta umorezko bakarrizketa izan zituzten egiturauan.

14 urtez azpikoen Gelatik Plazara sariketako finala apirilaren 28an izango da Aretxabaletan, Bertso-eskolen egunaren barruan. Bertan izateko sarrera hartu beharko dute gaztetxoek, www.bertsosarrerak.eus atarian.