Joxe Elorrieta izango da aste honetako gonbidatua Hitzetik Hortzeran

2017/03/09
ELAko idazkari nagusi izan zen hogei urtez Joxe Elorrieta, eta ia urtero joan izan da Loiuko Aurregoiti jatetxeko bertso afarira: aurten bere konpainian entzun dugu Arkaitz Estiballes eta Xabi Payaren jarduna. Mutiloan Maialen Lujanbiok eta Aitor Mendiluzek botatako alerik onenak ere jaso ditu Hitzetik Hortzerak.

20 urtez ELA sindikatuko Idazkari Nagusi izan ondoren, berriz ere zeresana ematen ari da Joxe Elorrieta. Liburu berria argitaratu ondoren berarekin elkartu da Hitzetik Hortzera, eta bere konpainian joango gara Loiuko Aurregoiti jatetxean urtero egiten den bertso afarira; ia urtero han izan da Joxe Elorrieta. Sindikalgintzaz, erretiratu osteko asmoez eta bertsolaritzaz aritu da Hitzetik Hortzerako lantaldearekin.

Bereziki gogoan du Lizarra-Garazi ekimena Joxe Elorrietak. Bertsogintzak berezkoa du gaurkotasun politiko eta sozialari kantatzeko joera, eta 90. hamarkada bukaera hartan maiz kantatu zitzaion gaiari. Sebastian Lizasok 1999an gai horri kantatu zion Zegaman egindako bertso jaialdian, eta bertso horiek berreskuratuko ditu igandeko saioak.

Txarriboda Loiun

Loiuko saioan Arkaitz Estiballes eta Xabi Paya jardun ziren bertsotan, eta Iñaki Beitia "Arbildu"k lagundu zien gai-jartzaile lanetan. Xabi Payari Donostia 2016 ekimenaz galdetu zion eta Arkaitz Estiballes laster iritsiko den Korrikari buruz ere jarri zuen kantuan.

Aste honetako programan beste bertso afari bateko ale onenak ere bilduko dira. Otsailaren 25ean Mutiloan aritu ziren kantuan Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze. Urtero jolasen bat izaten da bertso afarian, eta aurten ere menu berezia prestatu zuten antolatzaileek: plater tradizional bat eta, ondoren, haren bertsio modernoa jarri zieten jateko. Zaharraren eta berriaren arteko jolas hori bertso-gai bihurtu eta bertsolaritzara ekarri zuten.

Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango duzue EITB Nahieranen.

Joxe Elorrieta, ELAko Idazkari Nagusi izandakoa.