Jone Uriari elkarrizketa, Bertsoan

2015/05/26
Plazatik Gaztetxera eta Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea ere protagonista, sareko plazan

Ostegunean zintzilikatuko du Bertsoak Jone Uria bertsolari gazteari egindako elkarrizketa. Algortako Bertsolari Eskolakoak bere ibilbidearen gainekoak kontatu eta egungo bertsolaritzari dagozkionak ere azaldu ditu.

Ohi bezala, bertsoaldi onenen bila aritu da Bertsoa asteburu honetan ere. Arabako Eskolartekoan jasotakoak zintzilikatu dituzte sarean, eta Julen Zulaika Arabako Bertsozale Elkarteko Transmisio arduradunarekin ere aritu dira solasean: "kantatzeko ahalik eta espazio gehien eskaintzen saiatu" direla azaldu du Zulaikak eta egunaren nondik norakoak ere agertu ditu.

Iragan ostiralean burutu zen Plazatik Gaztetxera txapelketako lehen finalerdia. Antzuolan burutu zen eta han jazotako emaitzak eta bertsoaldiak jaso ditu sareko plazak. Txapelketa amaitzeko atarian da: datorren finalerdia Deban egingo da Mutrikun eta Elgoibarren sailkatutako bikoteen artean, eta ekainaren 13an Markina-Xemeinen jakingo da zein den bikote irabazlea. Horren ingurukoak ere ekarriko ditu Bertsoak sarera.

Pasa den asteburuko etenaldiaren ondotik, bueltan da asteburu honetan Gipuzkoa Bertsotan. 8 saio jokatuko dira, guztiak jada bigarren itzulikoak, eta horiei ere jarraipen zorrotza egingo die Bertsoak, sareko plazak.

Bertsoak Arabako Eskolarteko finalaren ingurukoak bildu ditu