Jon Garmendia ‘Txuria’ elkarrizketatuko dute aste honetako Hitzetik Hortzeran
Umetatik du lotura Jon Garmendia Martinez Txuriak bertsolaritzarekin. Baserrian, bertso giroan hazia, gaztetan egin zuen lehen plaza Hernaniko Tabernetako Txapelketan. Plaza asko egin ez bazituen ere beti ibili da bertsoaren bueltan; azken urtetan Xilabako epaile gisa, Bertsularien Lagunak Elkartean laguntzaile, baita kazetari bezala ere. Bertsoaren jirako kontuak izango dituzte Txuriak eta Mirari Martiarena Iraolak.
Bertsoez gain, poesiari ere buruz hitz egingo dute. Izan ere, Ulhaintsaren negarra poema liburua argitaratu berri du Txuriak. Arrazoi politikoak tarteko etxetik alde egin behar izan zuenetik urteetan han-hemen idatzitako poemekin osatu du liburua.
Poesiari eta bertsoari loturik egoteaz gain, kantagintzari loturik egon da aste honetako protagonista, eta bere letragile ibilbidea ezin liteke ulertu Xabi Solano trikitilaria gabe. Etzakit taldean hasi zuten elkarlana, Esne Beltza etorri zen ondoren, eta orain Bidasoatik Harago emankizunarekin dabiltza herriz herri. Xabi Solano ere elkarrizketatuko dute larunbateko programan Txuriarekin batera.
Abadiñoko eta Antzuolako bertsoaldiak ere, ikusgai
Aste honetan ere bi bertso plaza izango dira Hitzetik Hortzeran.
Abadiñon bertso jaialdia egin zuten eta bertako bertsoaldiak izango dira. Bertsotan aritu ziren Eneko Abasolo Txabarri Abarkas, Igor Elortza Aranoa, Irune Basagoiti Agirre eta Onintza Enbeita Maguregi; gaiak jartzen, ostera, Igor Galarza Intxausti aritu zen.
Antzuolan San Isidro egunaren baitan jaialdia izan zen. Aroa Arrizubieta Barredo, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eli Pagola Apezetxea, Oier Etxeberria Zubimendi eta Txaber Altube Sarrionandia aritu ziren bertsotan, Jon Mata Etxanizen esanetara.
Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.