Joan-etorriko bidezidorrak, Hitzetik Hortzeran

2020/10/15
Denboraldi baterako aldendu ostean, plazan berragertzea erabaki duten bi bertsolarirekin elkartuko gara Lesakan: Erika Lagomarekin eta Xabier Silveirarekin. Larunbatean, 21:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en.

Ez dago gorabeherarik gabeko ibilbiderik; ezta bertsolaritzan ere. Badira tontor aldapatsuak, jaitsiera bizkorrak, etenak…eta itzulerak. Larunbateko programan Erika Lagoma eta Xabier Silveira bertsolari lesakarren joan-etorriak ezagutuko ditugu. Horretarako, bi ibilbideen abiapuntuan elkartuko gara beraiekin: Lesakan. Handik eskainiko dugu larunbateko Hitzetik Hortzera; 21:00etan, ETB1en.

Lagomak erronka bota zion bere buruari, 40 urte betetakoan txapelketan emango zuela izena berriro. Datorren urtean beteko ditu, eta aurten hasi da plazei baiezkoak ematen. Silveira ziur zegoen ez zuela inoiz berriro jendaurrean kantatuko. Horixe erabaki zuen duela zazpi urte, baina, pixkanaka, urek berriro eraman dute bertso-eskolaren ibilgura, eta, han, doinu eta bertso zaharren artean, umetako ilusioarekin egin du topo. Bera ere hasi da plazak egiten.

Murgiako, Barañaingo eta Zizurkilgo bertsoaldiak

Amets Aizpurua eta Haritz Esteban Getariako bertso-eskolako kideak dira: bata luzaroan bertsoari loturik; eta bestea, hasiberriaren ilusioarekin. 2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaraino eramango gaituzte bertsoaldi kutuna aukeratzeko.

Eta azkenaldiko plazak ere bai: Murgian egin zen 2020ko Arabako Kuadrila Artekoko finaleko hautaketa entzungo dugu, Barañaingo jaialdiko bertsoaldiak eta baita Kilometroen alde Zizurkilen antolatutako saioko sorta bat ere.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Erika Lagomarekin eta Xabier Silveirarekin izango da Eider.