Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza dokumentua aurkeztu dugu 113 eragilek

2025/09/26
"Batuz Aldatu" adostasun sozialaren prozesuan parte hartu dugu ehunka eragilek. Adostasun soziala itun soziopolitiko bilakatu da, eta gaur aurkeztu da, Donostian.

Euskalgintzaren Kontseiluko kide da Bertsozale Elkartea eta hizkuntza politiketan jauzia egiteko irizpideak lantzen aritu gara Batuz Aldatu prozesuan beste ehundik gora eragilerekin batera. Izan ere, testuingurua ez daukagu aldeko, eta egin diren ikerketetako emaitzek eta proiekzioek ere etorkizun iluna aurreikusten dute: 60ko hamarkadan hasitako susperraldia agortzen ari delako zantzuak daude eta aurrerapen-dinamika horretan geldialdia gertatzen ari da. Gainera, globalizazioak eta bizitzaren digitaliazioak errotik aldatu dituzte hizkuntza-praktikak eta hizkuntzarekin dugun harremana.

Gauzak horrela, Euskalgintzaren Kontseiluak eragileak batzeko deia egin zuen, elkarrekin paradigma aldatzeko lanean aritzeko. Izan ere, dauzkagun aukeren gainetik egiten dugu euskaraz; badago gogoa, gizarte atxikimendua, eta horri heldu nahi izan zion.    Eraldaketa soziala eragin nahi denez, ez zieten soilik euskalgintzako eragileei dei egin. Kulturgintzakoak (gure kasuan bezala) zein beste alorretako eragileak ere batu gara, guztira 113. 

2019an abiatutako bidearen lehen kimua 2021ean aurkeztu genuen: Batuz Aldatu: Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala.  Ordutik, sinatzaileek hainbat proposamen eta dinamika zabal abiatu dituzte hezkuntza-sistema, administrazioa, lan mundua eta ikus-entzunezkoak euskalduntzearen alde. Hasierako dokumentu horretatik abiatuta, urtebeteko elkarrizketa prozesuan murgilduta egon da hamaika eragilek osatutako Talde Eragilea. Helburua adostasun soziala itun soziopolitiko bilakatzea izan da eta hizkuntza politiketan jauzia egiteko irizpideak lantzea. Gaur aurkeztu da egindako lana: hizkuntza-politiken arloko Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza dokumentua. Donostian izan da aurkezpena, Miramongo Teknologia Parkean egindako agerraldi jendetsu batean. Hala azaldu du Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak: «sinetsita gaude adostasun sozialaren bidez euskararen biziberritzean aurrera egin daitekeela, eta egin behar dela».  

Dokumentua euskararen «pizkunde» berri baterako ituna izatea nahi da, hizkuntza politikak «paradigma berri batera» eramaten lagunduko duen bide orria. Paradigma aldaketa horretarako, sinatzaile guztiok erantzukizun partekatua onartu dugu eta hainbat konpromiso hartu ditugu: itunaren edukia gizarteratzea, hizkuntza politika berri baterako jasotzen diren irizpideak defendatzea administrazioarekin eta bestelako eragileekin dituzten harremanetan, eta orain arte egindako bidean elkarrizketan eta elkarlanean jarraitzea, besteak beste. 

Itunaren aurkeztu eta gero, Kontseiluak gogora ekarri du abenduaren 27ko hitzordua. Milaka euskaltzale batuko dituen ekitaldi bat prestatzen ari dira, Miribillan, eta datozen asteetan ekitaldiaren xehetasunak emango dituztela iragarri dute. 

 

 

Euskalgintzaren Kontseiluak Donostian egindako agerraldian elkartutako eragile guztiak. Kontseilua