Irakurri al duzu maiatzeko BertsoZalea?

2019/05/17
Eskolarteko finala, ikasturte amaierako jaialdiak, UPV/EHUko Uda Ikastaroetarako Mintzolaren eskola...

Uda iristear da; eta BertsoZalean hori nabaria da gazteen egitasmoak tarteko. Batetik, hilabete eskas falta da Euskal Herriko Eskolartekoaren jaia egiteko, eta hori gogorarazi digu 204.alearen azalak. Oraindik oholtzan izango diren parte hartzaile guztiak ezagutzen ez ditugun arren - datozen bi asteburuetan jakingo ditugu Lapurdiko, Baxenabarreko, Zuberoako eta Bizkaikoak -, ari gara ekainaren 8ko jaiari forma ematen; esate baterako, jada eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian bazkarirako txartelak. Bestetik, ikasturte amaierako jaialdiak egiten ari dira asteotan hainbat ikastetxeetan, eta urte guztian bertsolaritzarekin egin duten lanketa erakusten ari dira ikasleak: ia 200 emanaldi, guztira.

Urte hasieran martxan jarritako Bizkaiko Taldekakoa ere amaitzear da. Abadiñon amaituko da maiatzaren 25ean; lurraldeko Eskolarteko finala ere orduan egingo dute, bi egitasmoak batuta egun handia ospatuz.

Eta ikasturtea amaituta, udan egin ditzakegunak edo uda kutsuko planak ere bai: batetik, Bertsularien Lagunak elkarteak bertsua eta mendia uztartzen dituen egonaldia antolatu du ekainaren lehen astebururako. Abuztuan, berriz, Mintzola Ahozko Lantegiak antolatutako Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak eskola izango dugu UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan. Jada eman daiteke izena, eta hilabete honen amaieran eginez gero, matrikula merkeago egin daiteke.

Bertsoa, Puntua Jarrita, Potofinixa...hementxe duzu maiatzeko BertsoZalea.