Irailaren 18an hasiko du denboraldia Hitzetik Hortzerak

2022/09/08
Udazkenean Bertsolari Txapelketa Nagusiari begira ekoitziko da programa. Eider Perez aurkezleak jarraituko du programaren gidaritzan.

Gaur aurkeztu da Gasteizen ETBko programazioa; tartean, Hitzetik Hortzeraren denboraldi berria, eta aurkezpenean izan dira Hitzetik Hortzerako Gaizka Azkarate zuzendaria eta Eider Perez programako aurkezlea. Irailaren 18an abiatuko du denboraldia, eta igandetan eskainiko da, 15:00etatik aurrera, ETB1en.

Abendura bitarte, txapelketari begirakoa izango da programa, eta ohiko martxara itzuliko da ondoren; zehazki, irailaren 18tik abenduaren 11rainokoa izango da txapelketari lotutako sasoia, eta urtarrilaren 15etik apirilaren 9ra artekoa, behin txapelketa amaituta, bertsolaritzaren prisma zabalago bat eskainiko duena.

Azken lau denboraldietan bezala, Eider Perez aurkezlea izango dugu bidelagun. Aitzitik, Gaizka Azkaratek zuzentzen duen programak gidoilari berria izango du: aurrerantzean, Mirari Martiarenak izango du ardura hori.

Bertsolari Txapelketa Nagusiari jarraipena

Bertsoaldiek hartuko dute programaren zatirik handiena, txapelketako saioek; larunbateko saioan ondutako bertsoaldiez gozatzeko aukera izango da hurrengo egunean bertan. Atal berriak ere izango dira udazkeneko sasoi honetan: Izan zirenei galdezka izenekoan, plazan dabiltzan bertsolariak ariko dira txapelketari loturiko galderak erantzuten, eta A ze saioa atalean, Eider Perezek eta Idoia Torregaraik txapelketari buruzko elkarrizketa umoretsuak egingo dituzte.

Bi programa berezi gehiago ere eskainiko dira abenduan, finalaren bueltan.

EITBk eta Bertsozale Elkarteak ekoizten dute Hitzetik Hortzera elkarlanean. Hogeita hamahirugarren denboraldia du hau.

Hitzarmen berria

Bertsozale Elkarteak eta Euskal Irrati Telebistak udan itxi dute akordio berria. EITBko saioak osatzeko bitartekoak adosteaz gain, beste hedabideek bertso saioetako irudiak baliatzeko eta bertsolaritza lantzeko baldintzak jaso dituzte.

Eider Perez eta Gaizka Azkarate, gaur, Gasteizen. / XDZ