Ipuin eta komikietatik, bertsotara

2026/02/09
Bertso saio tematikoa sortu dute Udalbiltzak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean. Ostiralean izan zen, "Geuretik Sortuak" ekimenaren hirugarren edizioaren aurkezpenaren ostean.

Udalbiltza partzuergoa da, eta parte izatea erabakitzen duten udalek eta elkarte pribatuek osatzen dute. Euskal Herria burujabe bat eraikitzeko bidean,  Euskal Herriko garapen eta barne kohesioa sustatzea ditu helburu nagusi. Horretarako, udalen arteko elkar ezagutza eta lankidetza  bultzatzen ditu, Euskal Herriko jendartearen dinamismo handiko espresioak diren eragileak ere bidelagun izanik. Eta Bertsozale Elkartea bidelagun izan da, elkarrekin eman baitiote forma Geuretik Sortuak bertso saio tematikoari.

Geuretik Sortuak, izatez, proiektu bat da, aurten hirugarren edizioa duena. Proiektuaren webgunean azaltzen den moduan: «euskal arteak lengoaia asko izan ditzake, baina hizkuntza bakarra du, geurea: euskara». Horretan bat egiten du Bertsozale Elkarteak , bertsoa ere euskaraz baino ezin delako izan. Proiektuaren helburu nagusiarekin ere bat egiten du: «Euskarazko eskaintza kulturala ez da nahiko genukeen bezain zabala, eta horri erantzuteko asmoz sortu zen Geuretik Sortuak proiektua: euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu nazionala». Horretarako, beka deialdiak egiten dituzte. Kultur diziplina desberdinetako sortzaileek egonaldiak egiten dituzte Euskal Herriko luze zabalean, eta horietan ikusi, entzun edo bizitakoa ipuinetara, komikietara, antzezlanetara... ekartzen dute. 

Geuretik Sortuak bertso saioa Hernanin

Elkarlanaren lehen hazia: bertso saio tematikoa

Lehen bi edizioei esker, zazpi lurraldeetako hainbat herritara iritsi dira 40 euskal sortzaile baino gehiagoren lanak, lau arte-diziplinatakoak.  Aurten hirugarren edizioa jarri da martxan eta ostiralean aurkeztu zuten, Bertso Saio tematikoaren aurretik. Sortzaile horien artean daude ipuinak idatzi dituzten bertsolariak edota gai-jartzaileak, komikiak egin dituztenak... Eta proiektuan bertsoak ere lekua izan dezan, Udalbiltzak eta Bertsozale Elkarteak, elkarlanean, bertso saio tematikoa antolatu zuten joan den ostiralean Hernanin, Biteri Kultur Etxean.

Arratsaldeko 19:00etan hasita, ordu eta erdiz aritu ziren kantuan Sarai Robles Vitas, Maialen Akizu Bidegain eta Unai Gaztelumendi Arandia.  Udalbiltzak eskainitako Geuretik Sortuak bekan izandako esperientzia izan zuten kanturako amu. Ainhoa Urien Telletxek jarritako gaiei erantzun zieten bakarrik ez ziren eurak izan, ordea. Uxue Bereziartua Lonbide komikigileak ere parte hartu zuen saioan zuzeneko marrazkiak egiten.

Bostek Udalbiltzaren beka jaso dute aurreko bi edizioren batean.  Bereziartuak Zazpikiak bat komikian Larraun, Betelu, Araitz eta Lekunberriko Neskato onak irudikatu ditu; Gaztelumendik ere komikia ondu du, egonaldia egin zuen Berastegin eta Harresia istorioa sortu du. Roblesek, Akizuk eta Urienek ipuinak idatzi dituzte, ondorengo izenburuak dituztenak: Etxe ikusezinean, eszenatokia eta Mapa ez da lurraldea.

Geuretik Sortuak bertso saioa egin zen Hernanin. XDZ