Inguma datu-basea, 25 urte euskarazko ekoizpen zientifikoa jasotzen
Azaroak 5 iluntzean elkartu ginen Bilborocken euskararen produkzio zientifikoa zaintzen eta sustatzen duten hainbat eragile, eta tartean ginen Bertsozale Elkarteko Xenpelar dokumentazio zentroko kideak ere. Izan ere, 2000. urtean, UEUk euskal komunitate zientifikoaren datu basea sortu zuen: Inguma. 25 urte bete ditu aurten, eta bada nahikoa aitzakia elkartzeko eta ospatzeko.
2000. urtean sortu arren, euskara batuaren arauak finkatzen hasi zirenetik gaurdainoko euskarazko produkzio zientifiko-intelektuala jasotzen dute, eta hori, gizartearen eskura jarri, ikertzen jarraitu ahal izateko. Ikerketa hori baita: egindakoa baliatu, horren gainean bide berriak urratzen jarraitzeko. Hiru helbururen baitan aritu dira lan horretan: Unibertsitate mailan euskarazko ekoizpena erregistratu eta ahal denetan sarbide digitala bermatzen, ekoizpen hori aztertzen euskal komunitate zientifikoari ikusgarritasuna eta sarea eskaintzeko; eta, azkenik, kultura zientifikoa hedatzen.
Egindako bideaz harro agertu dira, baina atzera begira baino, aurrera begiratu nahi izan dute. Eta, bide horretan, «euskarazko ekoizpen zientifikoa areagotzeko politika eraginkorrak» behar direla azpimarratu dute. Izan ere, euskarazko ekoizpenak beherazko joera duela azaldu dute, eta nazioarteko datu base handietan, euskarazko ekoizpenek neurgarritasun eskasa dutela. Horregatik, Inguma ezinbesteko baliabide estrategikoa da, euskarazko ezagutzaren transmisioa eta prestigio akademikoa bermatzeko giltzarri baita.
Helburu eta bide horretan, bidelagun asko ditu Ingumak. Horren erakusle izan da ekitaldira joandako elkarte eta eragile andana. Han izan gara ere Xenpelar Dokumentazio Zentroko kideak, izan ere, Xenpelarrek ere asmo eta xede horrekin egiten du lan: bertsolaritzaren eta bertsogintzaren euskarazko ikerketa sustatzeko baliabideak eskaintzen. Horretarako ezinbestekoa den datu basea etengabe elikatzen, sortzen den material hori guztia bildu eta ikerlarien esku jartzen.
Bidea eta helmuga elkarbanatuak direnez, erronka ere halakoxea da. Euskararen garapen zientifikorako politika baten gabezia aipatu baitzuten ekitaldian, eta horretan indar egitea ezinbestekoa da euskaraz sortutako ikerketa egin dadin.