Inaxi Etxabe bertsolariarekin solasean, Hitzetik Hortzeran

2020/03/26
Bere etxera gonbidatu gaitu Inaxi Etxabe bertsolariak. Duela 87 urte sortu zen Oikiako baserri batean, eta bere ibilbidean hainbat eta hainbat bertso kantatu eta idatzi izan ditu; baita sariketak irabazi ere. Bestalde, COVID-19ak bertso plaza geldiarazi duenez, urteko bertsoaldien bilduma eskainiko dizuegu, bertso berriagoen faltan. Igandean, 15:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en.

Oikian jaio zen Inaxi Etxabe 1933ko martxoaren 26an, hamaika senideren artean gazteena. Bere etxean izan da Eider, eta hain justu bere urtebetetzea pasa berritan bera izango dugu protagonista iganderoko hitzorduan, Hitzetik Hortzeran.

Baserri giroan sortu zen Inaxi, eta orduko baserriko bizitza nolakoa zen galdetuko diogu. Pilotarako eta dantzarako sena ere bazuen, eta oso ongi moldatzen zen batean zein bestean. Dena den, zaletasun handienak kantagintza eta bertsolaritza izan ditu txiki-txikitatik. Gaur egun mantentzen ditu zaletasun horiek, eta igandeko programan horren testigu izango gara. Bertso sortekin hainbat sari eskuratutakoa da, eta Basarri bertsolari ezagunari ere sekulako erantzuna eman zion emakumeen aurka idatzi zituen bertso batzuen harira. Gertaera horren inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, ez galdu igandeko saioa.

Isildu ez zirenak: Joxepa Zubeldia
Aste honetan ere izango dugu bertsolaritzaren historian arakatzeko tartea. Hernaniko Ibarluze baserrian jaio zen Joxepa Zubeldia 1865ean. Bere anaia Kaxiano Zubeldiarekin sarritan jarduten zuen bertsotan etxean; eta Gabonetan eta santa eske garaian etorritako taldeekin balkoitik bertsotan aritzen zen. Bertso ugari ere idatzi zituen. Bere lagun baten baserrian pasatzen zuen tartea horretarako, etxean, bere seme-alabek ez baitzuten gogoko amaren bertsozaletasuna.

Eta egungo bertsoaldiei dagokionez, COVID-19ak bertso plaza geldiarazi duenez, urteko bertsoaldien bilduma bat eskainiko dizuegu, bertso berriagoen faltan. Hala, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Izturitzen, Senperen, Tolosan, Beasainen eta Elgoibarren izango gara.

Igandean, 15:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en; eta Interneten ere ikusgai EITB Nahieran atarian.

Basarri bertsolari ezagunari ere erantzun zion Inaxi Etxabek.