Imanol Lazkanok emango dio hasiera Hitzetik Hortzera saioaren denboraldi berriari

2025/09/10
Larunbat honetan hasiko da Hitzetik Hortzeraren denboraldi berria. Imanol Lazkano bertsolaria eta lehendakari ohia izango da protagonista, eta bertsogintzaren eta Elkartearen ibilbideaz arituko gara. Ohi bezala, ETB1en emitituko da, larunbatean, 21:00etan.

Irailaren 13an hasiko du astez asteko ibilbidea Hitzetik Hortzera telebista saioak. Lehen saioan Imanol Lazkano izango da protagonista. 2012an utzi zion bertso plazak egiteari, baina plazan aritu ez arren, ez dio utzi bertsolari izateari; egunero du bertsoa presente.

Umetatik zaletu zen, eta, gerora, liluratzen zuten bertsolariekin kantatzeko eta lagun izateko aukera izan zuen, Uztapide eta Basarri, adibidez. Ezagutu zituenekoak kontatuko dizkigu. Joxe Lizaso eta Joxe Agirre ere izan ditu mintzagai, elkarrekin plaza asko egindakoak baitira. Eta bertsolari horiekin kantuan aritu zen modu berean, ondoren etorri ziren bertsolari gazteengana egokitzea tokatu zitzaion. Aldaketa horretaz ere hitz egin digu.

Bertsotan ez ezik, Elkartean egindako bidean barrena bidaiatuko dugu. Bertsozale Elkartearen sorrera,1986an antolatu zuten lehen txapelketa eta 18 urtez Bertsozale Elkarteko lehendakari izandako aldiaz mintzatu da. Iraganaz ez ezik, gaur egun Elkartea nola ikusten duen kontatu digu.
Gainera, saioa bukatzeko, Imanol Lazkanok jarritako bertsoak izango dira. Txapelketa Nagusiko finala Nafarroa Arenan egingo zela jakindakoan sortu zituenak kantatuko ditu.

Hala ere, ez dira programan entzungo ditugun bertso bakarrak izango. Bi bertso saioetako lagin bana ere izango dugu. Batetik, Gorlizko jaialdikoa. Beñat Vidalek jarritako gaiei kantuan ariko dira Alaia Martin, Imanol Uria, Saioa Alkaiza eta Xabat Illarregi. Bestetik, Andoaingo Sorabilla auzoko jaialdikoa. Bertsotan ariko dira Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Ane Labaka eta Nerea Elustondo; gaiak jartzen, Amaia Agirre.

Berrikuntzak berrikuntza, iazko ildotik jarraituko du

Dagoeneko ezaguna zaigun formatua eta aurpegia izango du denboraldi berriak. Mirari Martiarena izango da aurkezlea eta gidoilari lanetan ere bera arituko da. Kamera atzean, ordea, izango da aurpegi berririk, Andrea Lopetegi izango baita zuzendari berria.

Iraupena ere aldatuko da. Ohi baino programa gehiago izango ditu, eta, ondorioz, hilabete luzatu da denboraldia, irailean hasi eta maiatzaren bukaerara arte. Guztira aspaldi ez bezalako iraupena izango du Hitzetik Hortzerak.

Hori bai, ohiko ordutegian izango da. Larunbat gauetan emitituko da, 21:00etan, ETB 1en. Horrez gain, igandeetan errepikapena emango da eta Nahieranen ere izango da ikusteko aukera. Saioaren egunerokoaren berri izateko, jarraitu Instagram sare sozialean.