Ibilbideari Elkar Saria jasoko du Bertsozale Elkarteak

2021/04/29
Gaur arratsaldean izango da sari banaketa ekitaldia. "Itxura batean bazterreko izatera bideratuta zegoen bertsoari lekua egitea lortu du Bertsozale Elkarteak, lekua egitea eta ikusgarritasuna ematea" nabarmendu du Elkar Fundazioak.

Euskal kulturaren arloan egindako ekarpena hartzen da kontuan Ibilbideari Elkar Saria emateko, eta aurtengoan Bertsozale Elkarteari emango zaio. Hala jakinarazi dute Elkar Fundazioko kideek gaur goizean egindako komunikabideen aurreko agerraldian. Gaur arratsaldean izango da sari banaketa ekitaldia, 19:00etan, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Bertsozale Elkarteko ordezkariak izango dira han, eta Beñat Gaztelumendik jasoko du saria elkartearen izenean.

"Itxura batean bazterreko izatera bideratuta zegoen bertsoari lekua egitea lortu du Bertsozale Elkarteak, lekua egitea eta ikusgarritasuna ematea", nabarmendu du Elkar Fundazioak: "Bertsoa gaur egungo euskal gizartean, euskaldunen artean, ezaguna eta jarraitua den kultur adierazpena da, eta hori urte luzeetan ondo egindako lanaren emaitza izan da". Batetik, belaunaldiz belaunaldi egindako transmisio lana eta bestetik, zabalkundean, hedabideetan zein txapelketen bidez lortutako ikusgarritasuna azpimarratu dituzte.

Proiektuari Elkar Saria Lotura Films produkzio etxeari emango zaiola ere aurreratu dute, Lur eta Amets ekimenari esker. Sari banaketa biribiltzeko bertso saio literarioa izango da: Beñat Gaztelumendi eta Nerea Ibarzabal ariko dira bertsotan, Danele Sarriugarteren gidaritzapean. "Osasun egoerak hala behartuta, eta jende ahalik eta gutxien biltzeko ahaleginean" ekitaldia streaming bidez ematea erabaki du Elkar Fundazioak: zuzenean jarraitu ahal izango da guztia, beraz, hemen sakatuta.

...

Gaur goizeko agerraldian, Lotura Filmseko eta Bertsozale Elkarteko ordezkariak, Elkar Fundazioko lehendakari den Joxe Mari Sorsekin.