Hogeita hamargarrenez, saguzarra kantuan

2018/06/09
XXX. edizioa izan du aurtengoa Euskal Herriko Eskolartekoak. Sarako trinketean gauzatu den bat-bateko txapelketaren ondotik, bazkariak eta Saran’ga txarangak emango dio jarraipena festari.

[IKUSI ARGAZKIAK]

Gorka Pagonabarragak jantzi du txapela gaur Saran, Mikel Mendizabalen eskutik. Durangokoak Aner Peritz txapeldunordea eta Aitor Ugarte, Elixabet Etxandi, Irati Alcantarilla eta Oihana Arana izan ditu bertsokide saioaren bigarren zatian.

13 izan dira parte-hartzaileak, baina; eta hori, lurraldeetan egitasmoak izan dituen bidaide guztiak aintzat hartu gabe. Hamaikak pasatxo hasi da Sarako trinketean Euskal Herriko XXX. Eskolarteko Txapelketa, kanpotik zetorren euri jasak abiapuntua markatuz. Giroko musika apaldu ahala, ordea, euriak bertsoei egin die bide eta hasierako agurrekin ekin diote saioari bertsolariek.15-18 urte bitarteko 13 gaztek hartu dute parte saioan, egitasmoa gauzatzen duten lurralde guztiak ordezkatuz. Zozketak hala erabakita, hurrenkera honetan egokitu zaie kantuan aritzea: Oihana Arana Kardenal (Eskoriatza, 2001), Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001), Haitz Capot Thornary (Zalgize, 2001), Elixabet Etxandi Goyenetche (Izpura, 2000), Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001), Aner Peritz Manterola "Euzkitze" (Zarautz, 2002), Julen Etxeberri Etxart (Zaro, 2001), Hodei Renteria Maleta (Angelu 2000), Gorka Pagonabarraga Agorria (Durango, 2000), Ekiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002), Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002), Iruri Altzerreka Martinez (Garai, 2000) eta Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001). Julene Etxeberrik egin ditu gai-jartzaile lanak eta Ainhoa Sarasuak harrera eta agurreko aurkezletza.

Binaka – eta kasuren batean hirukote moduan – zortziko handi eta txikiko ariketei ekin diote. Horietan puntuazio handiena lortu dutenek egin dute aurrera bigarren zatirako: Aitor Ugarte, Aner Peritz, Elixabet Etxandi, Gorka Pagonabarraga, Irati Alcantarilla eta Oihana Arana. Banaka aritu dira sailkatutako sei bertsolariak, lehen puntua emanda hasieran eta gaia emanda gero, zortziko txikian eta bost puntuko neurrian hurrenez hurren.

Epaile lanetan aritu dira Aitor Jimenez, Arkaitz Goikoetxea, Eneritz Azkue, Joakin Arregi, Jurgi Fuentes eta Lierni Elortza, eta idazkari izan da Ane Errazkin.

Mikel Mendizabalek jantzi dio txapela

Urteurren biribila izan du aurtengoa Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak antolatutako Euskal Herriko Eskolartekoak: hogeita hamar bete ditu. 1989. urtean jokatu zen lehen aldiz Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan; ordurako egiten ziren lurraldeetako eskolartekoak baina urte horretan gauzatu zen Euskal Herri osoa hartu zuen lehenengoa, Ikastolen Elkartearen eskutik. Bertsolaritzaren harrobia izateko sortu zen egitasmoa eta eginkizuna bai ondo bete ere! Bertsolaritzaren Datu-Basean kontsulta daitekeen lehen edizioko parte-hartzaile zerrendari erreparatu besterik ez dago.

Zenbaki berezia baliatuz, 1982tik bertsolaritza ikastetxeetan lantzen eta urte luzez Eskolartekoaren antolaketa lanetan aritu den Mikel Mendizabalek jantzi dio txapela irabazleari. Era berean, sari banaketan parte hartu dute lurralde guztietako Eskolarteko antolatzaileek – Xabi Igoa, Maialen Berra, Jokin Labayen, Maddi Ibaibarriaga, Xan Alkhat, Estitxu Arozena, Jon Irazabal -, Sarako bertso-eskolako, ikastolako eta Udaleko ordezkariek, eta antolatzaile diren Bertsozale Elkartetik Maialen Lujanbio zuzendaritzako kideak eta Ikastolen Elkarteko Koldo Tellitu lehendakariak.

14:00etan bazkaria eskainiko da Lur-Berri gelan eta jarraian Saran’ga txaranga ariko da. Txapeldunak agurrean aipatu bezala, "jarrai dezagun kantari". Goizean bakarrik ez eta saguzarra kantuan eta hegan da oraindik!

"...jarrai dezagun kantari", txapeldunaren agurra. / XDZ