Hitzetik Hortzera Xabier Ricorekin

2024/03/08
Gasteiztarrak jantziko dio txapela 2024ko Arabako Txapeldunari, eta bera izango da aste honetako Hitzteik Hortzerako protagonista. Larunbatean, 21:00etan, ETB1n.

Martxoaren 16an Gasteizko Printzipal Antzokian egingo den Arabako Txapelketako finaleko protagonistetako bat izango da Xabier Rico. Berak jantziko baitio aurtengo irabazleari txapela. Xabier Rico gasteiztarra ezinbesteko pertsona izan da Gasteizko eta Arabako bertsogintzan. Aritu baita eragile, antolatzaile, bertso irakasle, biltzaile eta baita ikerlari ere. 

Gaztetan euskaldundu zen Xabier Rico eta 1981ean UEUren Baionako ikastaroetan hurbildu zen bertsolaritzara. Bertan Xabier Amuriza ezagutu eta giroa ikusita Gasteizen bertso eskola sortzeko asmoarekin itzuli ziren. Ordutik ez da eten bertsolaritzarekin izan duen lotura eta urte guzti hauetan egin duen lana aitortzeko eta eskertzeko eman nahi dio Arabako Bertsozale Elkarteak txapeldunari txapela jartzeko aukera.

Gasteizko euskal giroaz eta bertso giroaz hitz egingo dute Xabier Rico eta Mirari Martiarenak. Baita martxoaren 16an bukatuko den Arabako txapelketari buruz ere.

Dulantziko finalerdia eta Bertsoaroko saio futurista

Arabako bigarren finalerdia egin zen Dulantzin. Bertan aritu ziren kantuan Aroa ArrizubietaIzar Mendiguren, Paula Amilburu, Asier Otamendi, Xabi Igoa eta Aitor Ugarte. Asier Otamendik irabazi zuen saioa eta finalean zuzenean abesteko txartela. Lierni Altunak egin zituen gai-jartzaile lanak.

Bertsoaroko azken aurreko saioko bertsoaldiak ere eskainiko dizkizuegu aste honetako programan. Saio futurista izenburupean eta Maite Berriozabal gai-jartzaile, bertsotan aritu ziren Sustrai Colina, Unai Iturriaga eta Miren Amuriza.

Hitzetik Hortzera, larunbtean 21:00etan ETB1n.